MUSIKA

“Hitzen ahairea” Gotzon Barandiaran eta Rafa Ruedaren ikusgarria, Donostian

Gotzon Barandiaranek eta Rafa Ruedak Hitzen ahairea izeneko ikusgarria aurkeztuko dute bihar, azaroak 27, Donostiako Egia Kultur Etxean. Euskal kantagintzaren historiaren ibilbidea bildu du Gotzon Barandiaranek idatzitako eta Susa argitaletxearen eskutik plazaratutako lan horretan; musika eta literaturaren uztarketa bat egiten du.

“Zein harreman du kantatzen dugunak gure izaerarekin? Zenbateko eragina du entzuten dugunak gure diskurtsoan? Zeintzuk dira gure erreferenteak? Zergatik irauten dute kantu batzuek gure gogoan betiko iltzaturik? Gure euskaltasunean zenbat zor diogu literaturaren eta musikaren lankidetzatik sortutako kantagintzari? Zergatik ez dugu kantatu emakumeek idatzitakorik? Inork kantatu ote dio bere hizkuntzari euskaldunok baino gehiago? Eta bihar, zeri kantatuko diogu?”, erantzunik gabeko galdera sorta.

Kantuen eta kantagintzaren bitartez mende eta erdiko euskal kantagintzaren historiari errepasoa egiten dion ibilbidea proposatzen du Hitzen ahairea lan berrian. Horretarako,  euskal literaturatik hartutako kantuak jasotzen ditu Barandiaranek, idazle eta musikarien elkarreraginetik sortutakoak.

Kantuak aukeratzeko orduan, Koldo Izagirrek XX. mendeko Poesia Kaierak bildumako 2500 kantu aztertu ditu, XX. mendean musikatutako testuak eta kanta ezagunenak edo gehien kantatu direnak ekarri ditu liburura.

“Euskarak biziraun dezan kantatu”, euskarari buruzko kantuak jaso ditu idazleak, kontrakultura, kantuen eta letren aniztasunerako trantsizioa, eta tartean, euskaraz kantatzeari garrantzia ematearen inguruko hausnarketa proposatzen du, euskarari buruz kantatzeari garrantzia ematea baino.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button