
Larunbatean, uztailak 19, Euskal Herria Sketchcrawl taldeak hitzordua jarri du Mutrikun, non herrialde ezberdinetako marrazkilariak elkartuko diren begien aurrean daukatena koadernoetan islatzeko.
Marrazkilariok geografia osoa josten ahalegintzen dira: aurrekoak Hendaian (Lapurdi) eta Sestaon (Bizkaia) izan diren moduan, Mutrikukoaren ostean Leitzan (Nafarroa), urrian, eta Donapaleun (Nafarroa Behera), urtarrilean, egingo dira.
Euskal Herria Sketchcrawl taldea 2011an jarri zen martxan eta 2012an hasi zen izen honekin hiru hilabetean behin koadernoak astintzen, nazioarteko proposamena jarraituz. “Gurean Iruñeko bi emakume izan ziren hasierako bultzatzaileak, Edurne Iriarte eta Ana García de Pablo, eta berehala Bergarako beste bat batu zitzaien, Pili Azkarate. Deialdi irekia da, horizontala, parte hartzailea eta hierarkia gabekoa denez oso modu deszentralizatuan aritzen gara. Edozein pertsonak proposatu dezake zerbait eta gero auzolanean aritzen gara aurrera ateratzeko. Bakoitzak ematen dio bere nortasuna taldearen ezaugarriak mantentzen diren bitartean. Leku bakoitzean sortzen ditugun irudiak lau haizetara zabaltzen dira, sare sozialetako aukerak profitatuz. Kontuan hartu behar da eremu digital horietan dagoen amarauna oso trinkoa dela. Ondorioz oso erreza da pentsaezinak diren bazterretara heltzea. (…) Adin eta maila guztietako marrazkilariak elkartzen gara eta oso begirada anitza eskaintzen diogu leku berari, guztion artean ikuspegi zabala sortuz gure kronika grafikoekin: kaleak, eraikinak, jendea, egunerokotasuna…”
Hortaz, larunbatean, 88. Sketchcrawla ospatuko dute Mutrikun.