
Hogeigarren mendeak eman dituen bi eskultore handiren inguruko erakusketa atondu du Guggenheim Bilbao museoak. Erakusketaren izenburuak berak iragartzen duenez, Constantin Brancusi (1876-1957) eta Richard Serra (1938) dira protagonistak eta 2012ko apirilaren 15era bitarte dago zabalik.
Basileako Fondation Beyeler erakundearen laguntzarekin antolatu du Guggenheim Bilbao museoak erakusketa, eta bi eskultoreen harremana du ardatz 50 obra direla medio. Oliver Wick-ek egin du komisario lana.
Brancusi Rumanian jaio eta Parisen bizi izan zen 1904. urteaz geroztik. Forma eskultorikoak bere esentziara murriztu zituen, eskultura abstraktuaren oinarriak ezarriz. Mende erdi geroaro, Serra estatubatuarrak eskulturaren efektua birdefinitu du altzairuzko pieza minimalistak sortuz. Bi artista hauen obrak eskultura modernoaren norabidea aldatu dute.
Erakusketak bi maisuen obra aurrez aurre jartzen du, bien arteko elkarrizketa gauzatzeko.
Erakusketaren gaineko informazio gehiago hemen.