
Joan den asteburuan BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiak bere sariak banatu ditu, eta Mendi Filmeko Sari Nagusia argazkilaritza bikaina, kontaketa poetikoa, eta soinu banda sublimea dituen Songs of Earth filma norvegiarrak eskuratu du.
Margreth Olin zuzendariaren lana da Songs of Earth filma, eta epaimahaikideen arabera (Michael Dillon zinegilea (Australia), Joni Cooper Californiako DocLands jaialdiko sortzailea (Kanada), Tom Hezemans Dutch Mountain Film Festivaleko zuzendaria (Herbehereak), Oscar Gogorza kazetari eta mendi gidaria (Euskadi) eta Haizea Huegun musika konposatzailea (Euskadi)), “argazkilaritza bikaina, kontaketa poetikoa, eta soinu banda sublimea” ditu. “Erritmoa pausatu eta entzuteko prest jartzen garenean, jabetzen gara emana zaigun horretaz: Natura deika daukagu”, azpimarratu dute beren epaian. 2023an estreinatutako film honetan haren gurasoak bihurtu ditu protagonista, sorterri izan duen Norvegiako Vestland-eko Oldedaleneko paisaia liluragarrietan kokatuz. Oscar sarietarako Nazioarteko Film Onenaren Norvegiako hautagai izan da filma eta hainbat mendi eta gai sozialetako zinemalditan parte hartu du.
Zuzendaritza onenaren saria Marta Gómez eta Paula Iglesias-ek zuzenduriko Flying Hands lanak jaso du. Baltistan Fundazioak babestutako proiektu bat du oinarri: Baltistango gorren komunitatea, bereziki haurrak eta gazteak, gizarteratzen lagundu duen Aniqa Bano protagonista, eta haren lana.
BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiko Sail Ofizialean 40 pelikula aurkeztu dira, eta 10 egunotan Euskalduna Bilbaon eta BBK Aretoan ikusi ahal izan dira.
Banatu diren beste sari batzuk Mendi Film jaialdiren webgunean kontsultatu ahal dituzue.



