
Aurten, Etxarri Aranatzen egiten duten BAT Euskal Herriko Bertso Afari Txapelketaren bosgarren edizioa izango da bihar, eta modu berezian ospatzeko aurreko lau edizioetan parte hartu duten 17 bertsolarik berriz hartuko dute parte lehiaketan.
Honakoak dira larunbatean Etxarri Aranatzen arituko diren hamazazpi bertsolariak: Eneko Lazkoz, Saioa Alkaiza, Oier Lakuntza, Egoitz Gorosterrazu, Aimar Karrika, Beñat Gaztelumendi, Maddi Ane Txoperena, Arrate Illaro, Iñaki Viñaspre, Oier Arbina, Jone Uria, Xumai Murua, Julio Soto, Ander Solozabal, Eneritz Zabaleta, Odei Barroso eta Izar Mendiguren.
Eguneko ekitaldiak Karrikestu elkartean hasiko dira, bazkari batekin. Horren ostean, 17:00etatik aurrera kanporaketak jokatuko dituzte, herriko tabernetan. Horietan sei bertsolari pasatuko dira finalera, eta zerbait jan ostean, 22:30ean finala jokatuko da. Horren ostean, DJ Bullen emanaldia antolatu da gaztetxean bertan.
Karrikestu Elkarteak antolatzen du ekimena, Nafarroako Bertsozale Elkartearen laguntzaz.