
Zazpi saio izan ditu Bardoak 2012 Nafarroako taldekako txapelketaren bigarren asteburuak. Barañain, Bera, Txantrea, Intza, Aniz, Leitza eta Iruñean jokatu ziren saioak ostiral eta igande bitartean, eta denetan bertsozaleen erantzuna ezin hobea izan da; 480 lagun inguruk segitu dituzte bertso saiook.
Txapelketari dagokionez, dagoeneko talde batek lortu du bigarren faserako sailkatzea, Miel Mari Elosegi Luze, Iñigo Ibarra eta Iñigo Sagastibeltza bertsolariek osatzen duten Leitzako Leitzaundi taldea.
Ostiralean bi saio izan zituen Bardoak 2012k, Barañainen eta Beran. Barañaingo Haizea elkartean herriko Beteranoak eta Leitzako Leitza ta leitzarrak batu ziren. Azkenean barañaindarrek eraman zuten saioa.
Berako gaztetxean izan zen ostiraleko bigarren saioa. Beratarrak eta Leitzaundi taldeen arteko saioa izan zen eta leitzarrek eraman zuten herrira txapelketako haien lehen puntua.
Larunbatean, hiru izan ziren jokatu ziren Nafarroako taldekako txapelketako saioak, bi eguerdiz eta azkena iluntze partean. Txantreako Euskaldunon Biltoki elkartean, Desterratuak eta Dizerdit taldean aritu ziren aurrez aurre. Azkenean, Desterratuak taldeak eraman zuen saioa. Bigarren bertso bazkari bat izan zen larunbatean, Intzako herriko ostatuan. Han Araitz-Beteluko Mailope eta Lesakako Rimak Exkaxko taldeek egin zuten bertso saio bizia. Lesakara joan zen jokoan zen zegoen puntua. Larunbateko hirugarren eta azken saioa Baztango Aniz herrian izan zen. Malerrerako Erauntsi eta Lesakako Altzuri, Edurnezuri eta amaordeak izan ziren afalostea bertsoekin edertu zituztenak. Erauntsi taldeak eraman zuen saioan jokoan zegoen puntua.
Igandean bi saio jokatu ziren, Leitzan eta Iruñean. Leitzan herriko Leitzaundi taldeak asteburuko bigarren saioa jokatu zuen, Baztango Bar-ideak taldea izan zuten bertsolagun. Leitzarrek saioa irabazi eta bigarren puntua eskuratu zuten, hortaz bigarren faserako sailkatu da Leitzaundi taldea.
Azkenik, Iruñean izan zen azken saioa taldeak hauek aritu ziren: Bertze Maldikoak eta Lepatanatuek. Bertze Maldikoak eskuratu zuen haien lehen puntuan.
Txapelketaren lehen faseko azken saioak izango dira hurrengo asteburuan. Bost saio jokatuko dira Leitza, Lesaka, Uitzi eta bi Iruñean. Horren ostean jakingo da zeintzuk diren Bardoak 2012ko bigarren fasera Leitzaundirekin batera pasa diren beste bost taldeak.