ESZENA

Baratza Aretoak bere 11. urteurrena ospatuko du

Auzo aberats eta anitz baten  erdian 11 urte ospatuz lelopean, abenduaren 12tik 15era arte, Baratza Aretoak bere 11. urteurrena ospatuko du.

“Azkenaldian, bizikidetza-arazo batzuk azaleratzen ari dira gure auzoetan. Gizakien artean oso ohikoa den zerbait. Batzuetan kosta egiten zaigu elkarrekin bizitzea, eta horregatik enpatia landu behar dugu, edo komunitatean bizitzea oso zaila izango da. Animalia sozialak gara, eta gure auzoak zaindu behar ditugu, eta auzoek gu zaintzen utzi. Gure bizilagunak ezagutzeak aurreiritziak desmuntatzen ditu, eta horregatik nahi dugu Baratza topagune eta ezagutza kultural eta pertsonalerako gune izatea. Hori dela eta, urteurren honen programazioak partekatu, ikasi, hazi eta komunitatean gozatzeko gune bat eskaintzen du”.

Programazioa abenduaren 12an hasiko da, 19:00etan, Lina Soualeren Bye Bye Tiberias film dokumentalaren emanaldiarekin. Palestinako emakumeen erresistentzia, erresilentzia eta biziraupenari buruzko istorioa da.
Abenduaren 13an, 20:00etan, ContrApunto Decolonialek Gure Esklabistak proiektua aurkeztuko du.
Larunbatean, abenduak 14, 20:00etan, Olfa Sendesniren Rabi(A)-Amorrua-ﺔﻌﺑا pieza antzeztuko da. “Ikuspegi feminista, antirrazista eta dekolonial baten bitartez mugak zeharkatzera gonbidatzen gaituen obra intersekzionala da. Emakume musulmanen eta ipar afrikarren ikuspegi okerraren eta desitxuratuaren inguruan hausnartzen du, eta feminismo hegemonikoa zalantzan jartzen du, emakume migratuek eta arrazionalizatuek jasaten dituzten berariazko indarkeriak azaleratzen ditu.”

Azkenik, abenduaren 15ean, igandean, 18:00etan, Ridouane Chakouch Lamanen eskutik Cuentos de sal y arena entzun ahalko da. Migratutako pertsonen (batez ere gazte migratzaileen) errealitateaz sentsibilizatzeko istorioa.

Informazio guztia Baratza Aretoak dauka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button