ESZENA

Baratza aretoak aurten egingo dituen zikloak aurkeztu ditu

Baratza aretoak 2026ko programazio zikloen datak aurkeztu ditu, eta bertan, arte biziak, tokiko eta euskarazko sorkuntza, dantza garaikidea, eta bestelako proposamen ausartak ikusteko aukera egongo da.

Baratza aretoa 2013az geroztik arte bizi garaikideak bultzatzen eta indartzen aritu da, eta horretarako urtean bost programazio ziklo antolatzen ditu: Bertako Fest, Zurrunbilo, Scratxe Gaua, Tzan Tzan Fest eta Urteurrena.

Lehen hitzordua Bertako jaialdia izango da, Baratzako egonaldi artistikoetan edo hirian eta inguruetan sortu diren lanak ikusteko aukera ematen duena. Hitzordua otsailaren 27tik martxoaren 1era izango da.

Martxoaren 26tik 29ra, Zurrunbilo iritsiko da. Parasite Kolektiboak Baratzarekin elkarlanean sustatutako euskarazko arte eszeniko garaikideen jaialdia. Jaialdi honetan, ikuskizunak ikusteaz gain, bitartekaritza- eta prestakuntza-jarduera paraleloak antolatzen dira.

Udaren ostean, irailaren 18tik 20ra, Scratxe Gauaren 20. edizioa etorriko da. Eta urrian Tzan Tzan Fest. Dantza garaikideko jaialdi honen helburua da “gorputza protagonista duen lan eszenikoak Arabako lurraldera ekartzea, betiere programazio honek dantzaren diziplina eta beste zenbait lengoaiekin dituen konexio ugariak hurbiltzeko balio dezan”. Aurten urriaren 23tik 25era ospatuko da Baratza aretoan.

Eta azkenik, Urteurrena, arte bizien ospakizuna dena: ikuskizunen erakustaldia, edo festa bihur daiteke, edo hausnarketa-jardunaldi batzuk antolatu, eta abar. Abenduaren 11tik 13ra izango da aretoaren sorreraren 14. urteurrena.

Informazio guztia Baratza aretoan duzue.

Show More

Related Articles

Back to top button