ESZENA

Arriaga Antzokian “Kandida” antzezlanaren estreinaldia

Tartean Teatroaren ekoizpen berria da Patxo Telleriak idatzi eta zuzendu duen Kandida antzezlana, otsailaren 3an eta 4an, 19:30ean, Arriaga Antzokian estrainatuko dena. Miren Gaztañaga, Nerea Mazo eta Mikel Martinez dira piezako protagonistak.

Kandida lanean, Patxo Telleriak “bere antzerki-lanetan hain bereizgarria den tonu tragikomikoa mantentzen du, hainbat gai sakon jorratuz: arrakasta lortzeko edozer egitearen mugak, bizitza baten lapurreta metaforikoa eta gure gizartean gero eta ohikoagoak diren etxegabetzeak. Azken finean, antzezlanak galdera unibertsal, sakon eta funtsezkoei heltzen die. Kandida paralelismoz betetako istorioa da, mundu desberdinak kontrajartzen eta alderatzen dituen istorioa”.

Lanaren korapiloa hauxe duzue: “Klara Balzes idazle gazteak, bere lehen nobela idatzi du: Kandida, etxegabetu bati buruzko istorio bat. Kandida fikziozko pertsonaia da, baina benetako pertsona batean oinarrituta dago. Klarak benetako pertsona hura, Manuela, desahuziatuen aldeko elkarte batean ezagutu zuen. Nobelan, Klarak bere etxean jasoko du Kandida. Errealitatean, Klarak Manuelaren arrastoa galdu zuen betirako. Nobela argitaratzen den egunean, Manuela Klararen etxean agertuko da. Eta nobelan egin duen gauza bera egiteko eskatuko dio gazteari: bere etxean jasotzea”.

Show More

Related Articles

Back to top button