LITERATURA

“Bar Gloria”, Nerea Ibarzabalen lehen eleberria

Tabernako azuleju gorri eta gainazal koipetsuen artean, egunaren zurrunbiloa apaldu osteko uneetan, mundu bat irudikatzen du idazleak protagonisten bizipenen bitartez. Susa argitaletxearen eskutik kaleratu du Nerea Ibarzabalek bere lehen nobela da “Bar Gloria” eta Ana, Rakel eta Migel bertako langileen bizipenak ehuntzen ditu narratiba lan honetan.

Denboraren ate ezberdinetatik sartzeko gonbitea da lana eta mundu oso bati ematen dio lekua Gloria tabernak. Editorearen iritziz, “jendea da mundu haren zimendu, eta konplizitate uneek, isildutako bortxa-markek, lanordu konpartituek zein elkarrizketa tarteka mutuek epeldu bezala erreko dituzte zutabe horiek, beste batzuk eraikitzeko, akaso”.

Era horretan, isiltasunak bere garrantzia eta lekua hartzen du lan honetan eta idazleak beharrezkoa den hori bakarrik kontatzen du, argazki osoa irakurleak osatu dezan. Argitaletxearen esanetan, “eszenaz-eszena kontatutako liburu bat da, eta gu gara ondorioak atera behar ditugunak”. Ibarzabalen lana beraz, komunikazioari buruzkoa ere bada.

Jorratzen ditu nobelak, hala ere, auzi gehiago: krisi ekonomikoa, gizonkeria, gaixotasuna, bortxa, maitasuna, ahizpen arteko harremana, sexualitatea…  Baina aldi berean, irakurleari bere irudimena lantzeko espazioa uzten dio.

Nerea Ibarzabal Salegi (Markina-Xemein, 1994), bertsolari ezaguna da askorentzat. Izan ere 2021ean Bizkaiko Txapelduna izan zen. Ikasketez, kazetaria da eta  hainbat diziplinetan ibilia da: prentsako kolaboratzaile, gidoilari, irratiko esatari, idazle… Txakur Gorria kolektiboko kide, kolektibo horrek argitaratutako hainbat liburutan ere idatzi du.

Informazio gehiago Susa argitaletxearen webgunean duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.