ESZENA

Markina-Xemeingo I. Arte Eszenikoen Jaialdiaren proposamenak

Asteburu honetan, abenduak 26 eta 27, Markina-Xemeingo I. Arte Eszenikoen Jaialdiaren baitan (MARKArte) bi pieza ikusteko parada egongo da: Esku Harriak Oteizaren (h)aria, MugMus laborategiarena, eta Errimak bi oinetan Haatik dantza konpainiarena.

MugMus Laborategiak dantzaren, zuzeneko musikaren, eskulturaren eta bertsolaritzaren bitartez, Jorge Oteiza artista polifazetikoak bere ibilbide oparoan landutako imajinarioaren berrirakurketa bat eskainiko du. Ordu erdiko ikuskizunean hainbat kontzeptu lantzen ditu MugMus konpainiako Jone Amezaga del Frago eta  Josu Santamaria Fernandez dantzariek, Oteizaren unibertso berezi eta zabala oroitu eta berregiteko asmoz. Hala, ikuskizunean, besteak beste, aipatzen dira “harrespila, hutsa, espazioaren erabilera sakon eta moldagarria, desokupazioa, eskultura, Klarion Laborategiko bilduma, musika serial eta konkretua, bertsolaria, txalaparta, Ez Dok Amairu mugimendua, hitza, … “.
Mugimenduak eta musikak eskaintzen dituzten baliabide metaforikoak erabiliz, eszenografia iradokitzaileak eskainiko ditu ikuskizunak.

Beste aldetik, Haatik dantza konpainiaren lehen lana izan zenaren irakurketa eraberritu bat proposatzen da bertan, bertsoak eta dantza uztartuz. Saioa aldi oro bihurtzen da ezberdin, testuinguruak eta gaiak aldi oro aldatzen direlako. Izan ere, bertso saioak bezala, antzoki eta areto handietan egiteko emanaldi egokia izan arren, espazio ezberdinetara erraz moldatzeko aukera emango duen formatu sinple batean oinarritzen da emanaldia, “areto txiki zein frontoi edo kaleko eskenatoki batean eskaintzeko aukerarekin”.
Konpainiak adierazi duen moduan “bertso ariketa eta jokoak dantzara eramatea da emanaldi honen berezitasuna edo ezberdintasuna,  bertso-sorta zahar eta berriei mugimendua eman eta gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratzeko aukera ematen duena”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button