ARTEA

“Artistak gurean” programa berriz, Artiumen

Aurtengo hirugarren lauhilekoaren programazioaren barruan, Artiumek Artistak gurean zikloari ekingo dio beste behin. Programa horretako hurrengo protagonistak Elena Aitzkoa, Begoña Zubero, Itziar Okariz eta Joxerra Melguizo artistak izango dira. Ekimen honen bidez museoaren funtsetan dauden artistak hurbiletik ezagutzeko abagunea eskaini nahi da.

Saioak hilabete bakoitzeko asteazken batean egiten dira museoan (arratsaldeko zazpietan hasten dira), eta horien barruan artistok sormen-prozesuari nola ekiten dioten azaltzen dute. Ondoren, erakusketa-aretora joaten dira zaleak, eta erakusketan ikusgai dagoen obraren edo lanen aurrean azalpen gehigarriak ematen dituzte. Hurbiltasun horrek “aukera ematen die ikusleei artistekin elkarreraginean aritzeko, eta arte garaikidearen ezagutza errazteko”.

Bihar bertan, irailaren 25ean, Elena Aitzkoa (Apodaka, 1984)  izango da protagonista. 2013an, Elena Aitzkoak Mujer primitiva izeneko proiektua garatu zuen Artium Museoaren Praxis programaren barruan, eta gaur egun, haren hainbat lan Artium Bildumaren Oroi erakusketaren parte dira. Bereziki eskultura lantzen badu ere, “artista arabarrak beste erregistro batzuk ere erabiltzen ditu bere jarduera sortzailean: performancea, idazketa edo marrazkia, besteak beste”. Eskulturak kutsu poetiko handikoak izaten dira eta beren egituraketan bildutako objektuez bailatzen da artista (ibaietako harriak, fosilak, jantziak, etxeko tresnak  eta abar).

Begoña Zubero (Bilbo, 1962) izango da hurrengo protagonista (urriaren 9an). Bere ostean, Itziar Okariz (azaroaren 13an) eta  Joxerra Melguizo (abenduaren 11n) bertaratuko dira topaketara.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button