BERTSOTAN

BaDaGaRa, edota Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

BaDaGaRa, hitz joko polita da aurtengo Bizkaiko txapelketak emango duenaz ohartarazteko, hots, “txapelketarik behar BADA, bertsozaleok hortxe GARA!” Gaur goizean, aurtengo ekinaren aurkezpena Miren Dobaran, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendariak, Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Maddi Ibaibarriaga, txapelketako komunikazio taldeko kideak egin dute Bilboko Alondegian.

BaDaGaRa da aurtengo txapelketaren leloa. “Bada eta Gara. Transmisinoa eta talde lana, alkarlana. Horiek bertsolaritzaren zutabeetako bi. Txapelketa mundu oso baten erakuslehio dogu. Eta atzean askoren lana dago. Lana eta jolasa. Jokotik baino jolasetik gehiago daualako txapelketeak. Berbakaz jolasten dogu. Eta letrek alkarren beharra dabe berbarik sortuko bada. Bertsolaritza geroratuko bada alkarren beharra dogun moduan. Jolastu daigun”.


Berrikuntzen artean hauek: Audience taldeak txapelketarako sortutako sintonia berria eta berarekin datorren bideoklipa. Gozatzekoak eta txapelketa girotzeko ezin hobeak.

2012ko txapelketak aurreko urteetako egitura bera mantenduko du. Eskualdeetako Txapelketak udaberrian izan ziren eta orain, udagoienean, Bizkaiko Txapelketa dator, 5 kanporaketarekin, 3 finalaurrekorekin eta azkenik, finalarekin.

Guztira, 38 bertsolarik parte hartuko dute. Aurrekotik zuzenean hauek: Arkaitz Estiballes, Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo Abarkas, Etxahun Lekue, Jone Uria, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Peio Ormazabal. Eta beste aldetik, 2012ko Eskualdeetako txapeldunak zuzenean sailkatuko dira kanporaketetara: Aitor Arrutia (Enkarterriko txapelduna), Oihana Bartra (Hego Uribeko txapelduna), Gorka Lazkano (Durangaldeko txapelduna), Iñaki Iturriotz (Arratiako txapelduna), Gorka Ostolaza (Lea-Artibaiko txapelduna), Arrate Illaro (Uribe Kostako txapelduna), Peru Vidal (Uribe Butroeko txapelduna) eta Julen Erezuma (Busturialdeko txapelduna). Azkenik, hauei Eskualdeetako Txapelketetan lortutako puntuazioaren arabera sailkatu direnak juntatuko zaizkie.

Asteburu honetan izango da lehen saioa Berriatuan.

Animo!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button