
Euskara eta zinema batzen dituen Lekeitioko jaialdiak bere 49. edizioa ospatuko du aurten. Euskara hutsez egiten den jaialdirik zaharrena da Euskal Zine Bilera. Aurtengo Sail Ofizialeko Lehiaketan izena emateko epea uztailaren 30era arte egongo da zabalik.
Aurtengo oinarrien arabera heltzen diren lan guztietatik, aurre-aukeraketa bat egingo da eta, horietatik, 20 film laburrek osatuko dute Sail Ofizialeko Lehiaketa.
Lehiaketara aurkezten diren lanak euskaraz izango dira. Euskaraz gain beste hizkuntzaren bat erabiltzen bada, azpitituluak jarriko dira euskaraz eta azpititulu hauek irudira txertatuko dira. Euskara ez den hizkuntzen erabilera justifikatuta egon beharko da eta bestelako hizkuntzen erabilera egokia den edo ez erabakitzearen erantzukizuna aukeraketa batzordeak izango du. Egoki justifikatuta ez badago lehiaketatik kanpo geratuko da.
Ez dira onartuko arraza, sinesmen, etnia, adin, erlijio, sexu, genero identitate, sexu orientazio, itxura fisiko edo pertsonen gaitasunak iraintzen, gutxiesten edo jazartzen dituzten lanak. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek ez dituzte bere egiten film laburretan egiten diren adierazpenak, erabilitako irudiak edota isuritako iritziak. Beraz, ez dute horien gaineko inolako erantzukizunik.
Banatuko diren sariak honako hauek dira: Film onenaren saria (3.000 €); Zuzendaritza onenaren saria (1.600 €); Gidoi onenaren saria (1.600 €); Ikusleen saria (750 €); Benito Ansola, Gazte epaimahaiaren saria (500€).
Betebeharreko guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.



