IKUS-ENTZUN

Aurtengo FANT jaialdiak bere sariak banatu ditu

Bilboko Udalak antolatzen duen 30. Zinemaldi Fantastikoaren epaimahaiak,31. edizio honetako Film Luze Onenaren Saria Teemu Nikkiren Death is a problem for the living filmari eman dio, “pelikulako gaiztoekin enpatizatzea gaizki ez dagoela ikusarazteagatik eta hainbeste deseroso sentitzeagatik, barre egitea besterik ez zaigula geratzen”, epaimahaiaren esanetan.

Film laburrei dagokienez, Sail Ofizialeko Film Labur Onenaren Saria Adrian Cacciolaren Game over filmarentzat izan da, “eguneroko edozein errutinak gure hilketa-instintuak askatu ditzakeela erakusteagatik”. Cacciolaren proiektuak, halaber, Sail Ofizialeko Europako Fantasiazko Film Labur Onenaren Zilarrezko Méliès Saria irabaztea lortu du.

Igor Salutregi Gabiolaren Presencia aukeratu dute Euskal Film Labur Onena. Kasu honetan, epaimahaiak nabarmendu du lanak “bitarteko handirik gabe erakusten duelako ideia on bat eta interpretazio natural bat besterik ez dela beharrezkoa istorio original bat lortzeko”.

Euskal Gidoigileak Elkartearen ustez Sail Ofizialeko Film Luze Gidoirik Onenaren Saria merezi duen titulua Shannon Tripletten Desert road filma da, eta FAS Zineklub Zuzendaritza Berritzaileenaren Saria Jeffrey St. Jules zuzendariaren The silent planet filmarentzat izan da. Bestalde, Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) erabaki du 2025eko euskal film laburretan, FANT interpretazio onenaren saria Eguzki Zubiari ematea, Daniel Alegreteren Una carroña filmean egindako lanagatik.
Ikusleek Sail Ofizialeko Film Onenarentzako Publikoaren Saria Chito S. Roñoren Espantaho filmari eman diote. Eta Sail Ofizialeko film laburrei dagokienez, publikoak erabaki du irabazlea Daniel Alegreteren Una carroña izatea. Gainera, Sail Ofizialeko Film Luze Onenaren Gazte Epaimahaiaren Saria Cris Tapia Marchiorren Gatillero filmak lortu du.

Panorama Fantastikoaren Saileko Epaimahaiak Saileko Film Luze Onenaren Saria Miguel Azurmendiren Keratyna filmari eman dio, eta Film Labur Onenaren Saria Tereza Kovandovaren Humanity filmari eman zaio.

Film saridun guztiak larunbatean proiektatu ziren BBK Aretoan aurtengo FANT jaialdiari amaiera emanez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button