ESZENA

“Aurrera Fest” ekimenak makina bat ikusgarri dakartza

Aurrera Fest ekimenaren II. edizioa uztailaren 1etik 25era bitartean ospatuko da Euskaldunan. Guztira 35 ikuskizun programatu dira, tartean kontzertuak, antzerki-ikuskizunak, bakarrizketak, eta dantza ikuskizunak.

Bigarren urtez jarraian, Bizkaiko Foru Aldundiak bertako kultur sektorea babestearen aldeko apustua egin du berriro ere Aurrera Fest ekimenaren bidez, eta aurten, euskal artisten edo/eta konpainien 35 ikuskizun eskainiko dira Euskaldunako hiru espaziotan (Auditoriumean, 0B aretoan eta 0E aretoan).

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak adierazi duenez, “Kultur sektorearen harrera oso ona izan da berriro ere. 35 ikuskizunek osatuko dute Euskaldunako zuzeneko kultur jardueraren agenda. Eskaintza guztia euskal artista edo/eta konpainietatik dator, eta horietatik 27 Bizkaikoak dira. Oro har, kartelak gustu guztietarako aukerak eskaintzen ditu: antzerkia, musika modernoa, dantza, bakarrizketak, magia eta musika klasikoa. Guztira, 7.955 sarrera jarriko dira salgai”.

Guztira, 19 kontzertu (horietako 4 musika klasikokoak), 10 antzerki-ikuskizun, 4 bakarrizketa,  dantza ikuskizun bat eta magiako beste bat (familiako ikuskizuna, 6 urtetik gorakoentzat egokia) izango dira. Azpimarratu behar da kartelean euskarazko 4 ikuskizun daudela, eta programazioa anitza dela, zeinu-mintzaira duen ikuskizun inklusibo batekin, tratu txar matxisten aurrean sentsibilizatzeko beste batekin, ume/familientzako hiru ikuskizunekin…eta abar.

Sarrerak salgai daude gaurtik aurrera www.euskalduna.eus webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button