IKUS-ENTZUN

Mundua argitzeko moduak

Rosa Garcia Loirek zuzenduriko Anwar filma gaur, urriaren 4an, ikusgai izango da, 19:00etan, Bilboko Sabino Arana Fundazioaren egoitzan. Alex Txikon protagonista da film horretan, non mendizaletasuna, elkartasuna eta energia berriztagarriak batzen diren.

Film dokumentala, Nepal, Sierra Leona eta Pakistanen grabatu da, eta Manaslun Txikonek egindako neguko espedizioa oinarri hartuta, bestelako ikuspegiak zabalduko ditu elkartasunaren ildotik. Espedizioaren ostean, Nepaleko alderik pobreenetako herri batera abiatu zen mendizalea, EKI fundazioaren laguntzaren bidez, eguzki-panelak jartzeko asmoz. Ekintza sinplea da: argia iluntasuna dagoen tokietara eramatea. Eta gero gauza bera egin zuen Pakistanen, eta Afrikan, Sierra Leonan. Argia pobrezia desagerrarazteko bide harrigarria da, eta ekintza horrekin eskolek eta ospitalek beste autonomia bat errekuperatzen dute. Proiektuek jarraipena izango dute EKI Fundazioaren bultzadagatik, eta beren iraupena bermatuko da.

Alex Txikonek jasangarritasunarekin bat egin zuen bere espedizioan, eta handik hona ekimen solidarioetan parte hartu du, “pertsonekin benetako baloreak partekatzea gauza handia baita”. Berak ere honako hau dio: “Proiektu honek ekintza on batetik jaiotzen da. Nepalera joan behar ginenean pentsatu nuen agian EKI fundazioaren eskutik instalazio bat montatu ahalko genukeela eta ondoren, zergatik ez, Pakistanen berdina egin. Herria asko eman zigun Nanga Parbaten ondoren 2016ean. Orduan, Jose Galindezi deitu eta esan nion, zergatik ez dugu honi buruzko film bat egiten jendeak ikusteko? Modu honetaz eta EVEren (Ente Vasco de Energia) laguntzarekin gutxinaka aurrerantz joaten hasi ginen. Gauzarik politena, dokumental honek pandemia egoera bitartean egina dagoela da. Honek bidaiatzea zailagoa izatea egin du Sierra Leonera, Pakistanera eta Nepalera joateko. Baita ere balio humanitarioak azpimarratu nahi ditut, eta uste dut ikusleak ikusi ahalko duela ze gaizki banatuta dagoen lurra.”

Anwar filmak gure bizimoduaren antzekotasunik ez duten beste bizimodu batzuetara eramango gaitu, eta bertako bizitzaren krudeltasuna erakutsiko du. Baina era berean, kontu sinple batekin, argiarekin, bertako miseriak desagerraraz daitezkeela erakutsiko du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button