Atzo, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaian euskararen sustapen, zabalkuntza eta normalizazioan ahalegina eta lana egin duten pertsona edo taldeei esker ona adierazteko, Ohorezko Lauaxeta Saria banatu zuen.
Edizio honetan Bizkaian euskaraz emititu zen lehen saioaren profesionalei eman zaie saria. Talde aitzindari horretan Juan Mari Iraolagoitia, Inmaculada Gallastegi, Adolfo Arejita, Angel Mari Unzueta, Jesus Egustiza, Pedro Mari Goikoetxea, Jesus Etxezarraga, Maria Pilar Muniozguren eta Sabin Barruetabeña zeuden.
Sari horiez gain, Poesiako Lauaxeta Saria Joxan Artzeri eman zaio bere Heriotzaren ataria dugu bizitza obragatik. Artzeren bizitza-ibilbidea eta euskararen sorkuntzaren eta hedakuntzaren aldeko bere ahalegina goraipatu zen atzoko hitzaldian.
Poesigintzarekin jarraituz, 35 urtetik beherako olerkarien poesiaren arloan epaimahaiak Jule Goikoetxea saritu du Tractatus obragatik. Tractatus izenburu ironikoaz baliatzen da, adierazteko edozein aukera zientifikoren eta jarrera politikoren atzean esperientzia estetiko bat badela: desiozkoa, borondatezkoa, boterezkoa; eta poetak bere desadostasuna agertzen du politika, ekonomia, artea eta zientzia pentsatzeko eta praktikatzeko modu estandarren aurrean.
Ikus-entzunezkoen Lauaxeta Saria Iban Gonzalez Pagaldayri eman zaio Goazen gudari danok dokumentalagatik. Obra horretan gerra zibilaren sasoietan gazte talde batek Euskadin demokrazia eta askatasuna defendatzea erabaki zuenean protagonista horiek izan zituzten emozioak erakusten dira.