MUSIKA

Atom Rhumba, The Cubical, Parpaing 2.2 eta Alien Tango, Hondarribiko Fenomena jaialdian

Bihar, Hondarribiko Fenomena jaialdia egingo da. Ekitaldia 11:00etan hasiko da, disko jartzaileen saioekin, eta 15:00etan, kontzertuak hasiko dira, bai eta DJ saio gehiago ere. Gaur, halaber, Martxel Mariskal idazleak hitzaldia emango du, Let’s Rock! Baina zer-eta nola-esan, zeina rockaren eta hitzen arteko loturari buruzko gogoeta den. Berbaldia Musika Eskolan izango da, 19:30etik aurrera.

Kontzertuak, bestalde, 15:00etan hasiko dira, Atom Rhumbaren emanaldirekin. Oraingoan hauexek dira taldea osatzen duten musikariak: Rober! (taldeburu, gitarra eta ahotsa), Joseba Irazoki (gitarra ), Felix Buff (bateria), Jaime Nieto (baxua) eta Iñigo Cabezafuego (teklak eta perkusioak). Halere, Buffek proiektua utzi behar izan du oraintsu, eta haren ordez Andoni Etxebeste donostiarra sartu da. Cosmic Lexicon izenburuko disko berria udazkenean kaleratuko da.

Gero, 16:30ean, The Cubical britainiarren txanda izango da. Liverpool hirikoek blues elektrikotik edaten duen rock garaikidea jotzen dute. 18:00etan, Hossegorreko Parpaing 2.2 bandak joko du; punk eta elektronika oihartzunak . Azkenik, 21:00ak aldera, Murtzia hiriko Alien Tango taldeak joko du; proposamen dantzagarria da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button