MUSIKA

“Therapy”, Xaiko talde berriaren lana

Gaur goizean, Kalderapeko kulturgunean, Xabi Arakama (trikia) eta Kaotiko taldeko Aguayiko (ahotsa) musikarien Xaiko proiektu berriaren lehen lana aurkeztu da. Therapy izeneko disko plazaratu berri dute Xaiko zortzikoteak.  Taldearen izenak eta diskoaren izenburuak Ramones taldearen Psycho Therapy doinu ezaguna aipatzen dute.

Baga-bigako ordezkari Ritxiren esanetan, “hiperbanda baten aurrean gaude, zortzikotea, trikia, punk eta jaiaren trinomioarekin”. Ondokoa ere gaienratu du: “Alaitasuna, ingenio eta jenio, sua dagoenean gehiago pizteko gasolina dakar talde honek; indarra eta kemena, baina goxotasuna eta xarma ere bai”.

“Proiektua bion arteko egotaldietatik sortu da, hainbeste jende ezagutzen dugu zeren egokia iruditu zitzaigun, musikaz gozatzeko horrelako talde bat egitea”, adierazi dute taldekideek. Argi dago musikak batzen dituela, eta batze horretatik gauza espero-gaitzak sor daitezkeela. Kasu honetan punk-era egingo du Xaikok, “baina badugu ska, rock, hard-corea eta punttu berezia emango dion txikia”. Batzuetan Barrikadaren doinu puntu bat ere atzeman daiteke kantaren batean edo bestean.

Proiektu musikala oso inportantea dela azpimarratu dute, baina euren arteko erlazioa eta alde humanoa oso oinarrizkoak izan direla nabarmendu dute, “zerbait berezia aportatzen dio honek guztiak”. Letretan egurra dago, goitik behera, baina, nola ez, maitasun kantaren bat ere agertu nahi izan dute.

Aguayiko Kaotiko taldean egon da, orain arte gitarra jotzen, eta Xaiko taldean, “kantariaren papera beteko dut, errespetuz eta ahalik eta ondoen egiteko”.

Lehen diskoaren zuzenekoekin ostegun honetan hasiko dira, Bilboko Kafe Antzokian emango duten kontzertuarekin. Txapelpunk-eko jendearekin izango dira egun horretan.

Gerokoak, honakoak: Apirilaren 4an, Txapelpunkekin berriz Donostiako Dokan; apirilaren 10ean, Kometa taldearekin Gasteizko Jimmy Jazz-en, eta maiatzaren 10ean, Ezinean taldearekin Olaztiko gaztetxean.


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button