ARTEA

Expodistritok hainbat erakusketa hartuko ditu Bilbon

Expodistrito programa abiatuko dute berriz Bilbo aldean, gaurtik aurrera. Pintura, eskultura eta argazkiz osaturiko hainbat erakusketa ibiltarirekin, berriz artearekin gozatzeko aukera izango da ekainaren amaierara arte.

Apirilean hiru erakusketa inauguratuko dira. Pinturan, Olaia San Miguel artista nabarmenduko da. Bestetik, Isabel Domínguez Vierak hormako eskulturak dakartza. Ikusgarria izango da Claudio Maruottolo psikiatrak eta Iñaki Martinez eskultoreak koordinatutako erakusketa, Artea eta Osasun mentala. Beste aldekoa? Hau, proposamen artistikoa da psikiatriaren ikuspegitik. Aurkeztutako lanak AMSAko pazienteen, terapeuten eta artisten sormen-indarraren erakusgarri dira.

Maiatzean, beste pintura erakusketa bi inauguratuko dira. Lehenengo hamabostaldian, Paisajes del patio trasero erakusketa inauguratuko da, eta bigarren hamabostaldian, Gregorio Rodriguez margolariari egindako erakusketa-omenaldia zabalduko da.
Juan Carlos Eguillor Poesia Bisual I. Lehiaketan saria jaso zuten lanen erakusketa ere inauguratuko da hil horretan. Euskadiko Idazleen Elkarteak antolatutako sariketa horrek, literatura eta irudia nahasten ditu.

Hiruhileko honetarako programatutako azken erakusketak elkartasunaren kutsua du. Alde batetik, FRANSOL GKEak antolatutako Arte osasungarria erakusketa, Mbuji Mayi hirian (Kongo) amentzako ospitalea egiten laguntzeko izango da. Ekimen honetan artista hauek hartu dute parte: Txomin Badiola, Ricardo Aldama, Carmelo Camacho, Aitor Ortiz, Leire Fernández, J.M. Garay, Mª Jesús Varona de la Peña eta J.M Pinto Rey.
Eta bestetik, FISC Lankidetza eta Garapena Fundazioak, bere 15. urteurrena ospatzeko antolatu duen argazki erakusketa aurkeztuko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button