ARTEA

“Muga” erakusketa, Elorrioko Iturri Kultur Etxean

Elorrioko Iturri Kultur Etxean izango da Muga erakusketa, urtarrilaren 7tik 31ra bitartean. Iparraldeko eta Hegoaldeko mugan egindako argazkiak egongo dira ikusgai; zehazki, erakusketaren komisarioa eta argazkilaria den Jesus Mari Arruabarrenak; guztira zuri-beltzean egindako berrogeita hamar argazki.

Lan hori egiterakoan, mugak banaturiko izaera propioa duen komunitate bat erakustea izan da helburuetako bat, bai eta irudien bitartez, batez ere, Gerra Zibilaren ondorengo hamarkadetako banalerroak sortzen zuen bizimodua nolakoa zen erakustea, eta hurreko historiari buruzko lekukotza ematea ere.
Era berean, artistak “kartografia fisiko eta emozionala egin du lan horren bitartez, eta paisaiaz gainera, bere barnea ere begiesten du ibilbide horretan”.

Muga Jesus Mari Arruabarrenaren zazpigarren argazki-liburua da. Horren aurretik Viejos oficios en decadencia (1995), Última generación (2002), Baserria. Oroimenari loturik (2005), Gertukoak / Ausencias (2010), Moo (2013) eta Friederike (2016) argitaratu ditu. Egin dituen erakusketen artean, nabarmentzekoa da Noctis Labyrinthus proiektuaren barruan egin duen Moo erakusketa.

Liburuak ardatz bi ditu oinarri: Orson Welles-en Pays Basque dokumentala, eta argazkilariak egin duen bidaia, hain zuzen ere, mugaren trazatuari eta Wellesen beraren pausoei jarraituz. Bertan Comète Sarea, Vallespín Gotorlekua, Erronkariko Enarak, kontrabandoa eta bestelako gaiak agertzen dira bertan.

Elorrioko Udalak bisita bi eskainiko ditu artistak gidatuta: urtarrilaren 15ean euskaraz eta 21ean gaztelaniaz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button