
Asteburu honetan bada zer ikusi Donostian. Izan ere, askotariko talde interesgarrien kontzertuez gozatzeko aukera izango dago. Lau dira nabarmentzekoak. Hasteko, Robyn Hitchcock & The Venus 3 eta Peter Buck Band estatubatuarrek gaur bertan, ekainak 20, Intxaurrondoko kultur Extean egingo duten kontzertua.
Ostiralean, ekainak 21, eta Musikaren Egunaren harira, Loiola kalean joko duten Napoka Iria & Código Bushido, Airbag eta Los Coronas taldeen emanaldiak.
Ostiralean, halaber, Espainiako Castello hiriko Shock Treatment punk-pop hirukoteak Mogambon joko du Nuevo Catecismo Catolico eta Safety Pins taldeekin batera. Trintxerpeko areto horretan, gainera, Detroit hiriko Negative Approach hardcore talde mitikoak ere joko du larunbatean, ekainak 22. Estatubatuarrekin batera Dictadura zarauztarrak eta Degraded bordelarrak arituko dira.
Robyn Hitchcock & The Venus 3 eta Peter Buck Band
Robyn Hitchcock (Londres, 1953) musikariak Soft Boys taldean hasi zuen bere ibilbidea. 70eko hamarkadako punk eztandan sortutako talde psikodelikoa izan zen Soft Boys. Disko bikainak grabatu zituen, tartean, Underwater Moonlight (1980) maisulana. Hala, 1981ean taldea desegin zen, eta harrezkeroztik, Hitchcockek bakarkako bide azpimarragarria egin du, 1984an The Egyptians taldea ere eratu zuen arren. Ez hori bakarrik, 1994an talde hori desagertu, eta Soft Boys berriro batu ziren bira txiki bat egiteko. Dena dela, tarte luze horretan bakarkako disko borobilak egin zituen.
2006an, Olé! Tarantula diskoa argitaratu zuen, beteak beste, REM taldeko Peter Buck eta Young Fresh Fellows taldeko Scott McCaughey-rekin; alegia, Venus 3 talde estatubatuarrarekin. Lankidetza horrek gaur arte iraun du. Hain zuzen ere, gaur, ekainak 20, banda horrekin joko du ingelesak Love from London (20139 disko berriko kantuak aurkezteko. REMeko Peter Buckek, berriz, 2012an argitaratutako lan homonimoa aurkeztuko du. Aipatutako horiek guztiak musikari bikainak izan ez ezik, lagun minak ere badira. Hortaz, agertokian kimika berezia sortuko da.