
Aurtengo Auzo Eszena zikloaren barruan tokiko talde amateurren 18 proposamen aurkeztuko dira Gasteizko gizarte etxeetan (Aldabe, Arana, Ariznabarra, Arriaga, Salburua eta Zabalgana) eta guztiak, otsailaren 2tik maiatzaren 24ra arte. Saio guztiak 19:00etan izango dira.
Umorea, antzerkia, magia, bakarrizketak, komedia eta musikalak izango dira programazioaren osagarriak, eta nola ez, haurrek, familiek eta gazteek gozatuko dituzten ikuskizunak ere oholtzaratuko dira. Bertako antolatzaileek esan duten moduan: “Programatutako taldeen artean, antzerki inklusiboko lehen lana nabarmendu beharra dago, Azirkarte eta Arai Dantza taldeek Zabalganean eskainiko dutena, otsailaren 2an, eta Tranpola taldeak proposatzen duen dantza eta mikroantzerkiaren arteko batuketa, otsailaren 9an.”
Talde eta artista hauek hartuko dute parte: Azirkarte eta Arai Dantza, Tranpola, Noralai, Aitor Vinagret eta Aurora Briz, Pánico Escénico, Arrox Bola eta Sormen Elkartea, Pro-ismo O, Juanjo Monago, Ipazapi eta Arteko.
Joan den urteko ekimenak hiru milatik gora ikusle erakarri zituen. Aurtengoa ez da gutxiagorako izango.
Egunez eguneko saioak hemen kontsultatu ahal dituzue.



