ARTEA

“Autopsiak”, Asier Gogortza artistaren argazki erakusketa Iruñean

Iruñeko Kondestable Civivoxak Asier Gogortza artistaren Autopsiak argazki erakusketa hartuko du otsailaren 2ra, Garaikide 2022 zikloaren barruan.

Hildakoaren gorpua behatu, hila dagoela egiaztatu eta heriotzaren kausak aztertzea dira autopsiaren xede nagusiak eta lan hori forenseak egiten du. Kasu honetan, argazkilaria forense begiekin hurbildu da paisaiak ikustatzera, eta hala, jendez hustu diren herriak, Berako bordak, Portugalgo tren geltokiak… bizi-bizirik zeuden paisaiak hil-hurren edo erabat hilik topatu ditu.

Argazki-ekintza honek bi zentzu gordetzen ditu: “alde batetik hondakinak dokumentatu eta katalogatu, eta beste aldetik, bistatik kendu, estali edo gorde. Izan ere, autopsia egin ondoren maindire xuriz estaliak izan dira hildako paisaiak, hondakinak denen bistan utzi beharrean haien duintasuna babestu nahian.”

Hortaz, erakusketa honen helburua da beste garai bateko paisaiei zor diegun begirunez agurra egitea, “aurrera begiratu ahal izateko, horrela bakarrik ikusten ahalko ditugulako sortzen ari diren mundu eta paisaia berriak”.

Asier Gogortza argazkilariaren webgunean dituzue argazki horietariko batzuk, bai eta bestelako lan batzuk ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button