BERTSOTAN

Arabako Eskolartekoaren festa

Maiatzaren 9an eman zitzaion hasiera Arabako eskolartekoari eta bitarte honetan lau kanporaketa burutu dira bi adin tartetan, 14tik beherakoak eta 14 eta 18 urte bitartekoak eta bi modalitatetan, bertso jarriak eta bat-batean. Topaketak Gasteizen, Zalduondon, Aramaion eta Kanpezun burutu dira. Denera 60 bat haur eta gazte bertsolarik hartu dute parte aurtengo edizioan.

Bertatik honako kronikatxoa bidali digute, hangoa zelan joan zen adierazita: “Bertso sortek ireki zuten goizeko Legutioko kultur etxean hasi zen bertso festa. Aramaioko bertso-eskolako txikiak izan ziren lehenak oholtzara igotzen eta ederki piztu zuten giroa umorez betetako bertso-sorta antologiko baten bidez. Horien ondotik Aguraingo bertso-eskolako haurrek Evaristoren doinuak oholtzara igo zituzten entzule guztiak kantuz jartzea lortu zutelarik. Azken bertso-sorta Murgiako bertso-eskolako gazteena izan zen, eta bertsolari eta perkusiolari bikainak direla erakutsiz ondoren bat-batean aritu behar zuten 6 gazteak zirikatzeko aukera ez zuten alperrik galdu.
Maria Fuentes, Markel Yoller, Egoitz Iradier, Peru Abarrategi, Maddalen Arrausi eta Unai Argote ziren protagonistak. Irribarrez baina bertsotan euren onena emateko prest. Zortziko nagusian zein txikian saio arinak eta umore ukitu ederrekin eskaini zizkiguten. 60 entzuleren aurrean, saio orekatua eta bizia osatu zuten ofizioka. Ondoren bakarkakoen txanda iritsi zen, puntuari erantzun eta gaiari bi bertso bota beharra. Hasiera batean lan nekeza iruditu arren, entzulek gogoz txalotu zuten sei bertsolarien ahalegina eta ale ederrak entzuteko parada izan zuten bertaratutako guztiek. Epaimahaiak hala erabakita Peru Abarrategik jantzi zuen txapela eta Maddalen Arrausik bigarren postua”.

Show More

Related Articles

Back to top button