Ostiralean eta larunbatean, Hernanikomik azokaren hirugarren edizioa egingo da herri horretan. Komikia ardatz izanik, makina bat argitalpen berri aurkeztuko dira egunotan.
Gaur abiatuko da azoka, 11:00etan, eta arratsaldean Komiki lehiaketaren sari banaketa egingo dute. Egun horretan, Eneko Lizardik Oneka, Iruñeako Erresumaren sorrera aurkeztuko du. Horren ostean behi batek hartuko du protagonismoa: Mo. Bernardo Atxaga eta Pello Varela dira egileak. Mikel Begoña egileak Argia iraungi zen tokia izeneko lanaren nondik norakoak ere emango ditu, eta azkenik, Mugako dragoiak izeneko obraz arituko da Gregorio Muro egilea.
Hurrengo egunean Yurre Ugarte, Asisko Urmeneta (Joseph Camino saria jasoko duena), Adur Larrea eta Gorka Bereziartua, Iban Zaldua eta Julen Ribas, Asier Iturralde Gaston, Agustin Ferrer Casas eta Tupust kolektiboa (Maite Caballero, Loinaz Lekuona, Maitane Gartziandia eta Ainara Azpiazu Axpi) izango dira protagonistak.
Azokan ere Argia, Elkar, Gaueko komiki denda, Harriet, Herrima, Ikastolen Elkartea-Xabiroi, eta Nabarralde argitaletxeen postuak jarriko dira.
Aipatu behar da Asisko Urmenetak Joseph Camino saria jasoko duela larunbat eguerdian, eta ostiraletik hilaren 29ra arte, Asiskoren ibilbide profesionalaren lanen erakusketa paratuko dela Biteri Kultur Etxean.