ESZENA

Antzerkiz beteko dira Gasteizko kaleak, “KaldeArte” ekimenarekin

Gaur hasiko da Gasteizko Kaleko Arteen KaldeArte programaren 16. edizioa, eta igandera arte luzatuko da. Jaialdian haien lanak aurkeztuko dituzten 30 konpainia izango dira.

“Gasteiztar guztiak gonbidatu nahi ditugu KaleArteren XVI. edizioan parte hartzera. Zuzeneko arteekin lotzen gaituen ekitaldia da. Kaleak hartzeko unea da, mugarik gabe”, esan dute antolatzaileek.

Gaur berton, ikuskizun ibiltari batek emango dio hasiera programazioari: Senta. Gaueko 22:00etan izango da eta Arka plazatik atera eta Andre Maria Zuriaren plazan amaituko da. Richard Wagnerren Herbeheretar Alderraia lanean oinarritutako zuzeneko rock opera eta ikuskizun piroteknikoa da. Doos kolektiboko Eva Guerrerok Lof Ladies On Fight proposamena, edo Altraste Dantza konpainiaren Como pez en bicicleta lana ere ikusi ahalko dira jaialdiaren barruan.

KaldeArte 2022 jaialdiak askotariko programazioa eskainiko du hainbat diziplinatan (antzerkia, dantza, musika, performancea…), eta kaleko arte bizien esparruko sorkuntza garaikidearen erakusketa adierazgarri bat eskainiko du, nazio zein nazioarte mailan.

Parte hartuko duten taldeak, ordutegiak, antzezlanak eta abar, KaldeArteren programazioan zehaztu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button