IKUS-ENTZUN

Aste honetan Zinemaldiko film sorta bat Azkuna Zentroan ikusgai

Azkuna Zentroak, Donostiako Zinemaldiarekin lankidetzan, zine jaialdiaren azken edizioan estreinatutako film sorta bat programatu du. Sail Ofizialean, Perlak sailean eta New Directors sailean proiektatutako bederatzi film eskainiko dira irailaren 30etik urriaren 6ra bitartean.

Gaur berton abiatuko den zine zikloan Marco filma proiektatuko da. Aitor Arregi eta Jon Garaño zinemagileen azken lana da, eta Veneziako Jaialdian aurkeztu zen. Hemengoa den beste film bat ere ikusgai izango da: Azken Erromantikoak, David Pérez Sañudo zuzendariaren bigarren filma, Txani Rodríguezen izen bereko eleberriaren egokitzapena dena. Lan hori urriaren 6an ikusi ahalko da.

Beste aldetik, zenbait zinemagile garaikideren azken lanak ikusiko dira pantaila handian, hala nola François Ozonen Quand vient l’automne, Costa Gavrasen Le dernier soufflé eta Sean Bakerren Anora, Cannesko Urrezko Palmondoaren irabazlea.
Nazioartean ospea lortu duten emakume zinemagileak eta haien lanak ere pantailaratuko dira, esate baterako, Coralie Fargeat zuzendariaren The substance, Cannesko Jaialdiaren aurreko edizioan gidoirik onenaren saria irabazi zuena; Fernanda Valadez eta Astrid Rondero mexikarren Sujo filma, Sundanceko Epaimahaiaren World Cinema saria eskuratu zuena; eta Alauda Ruiz de Azuaren Querer lana. Belkıs Bayrak turkiar zuzendariaren lehen film luzea, Gülizar urriaren 5ean ikusiko da.

Animazio-filmek ere lekua izango dute, eta hala, Dragonkeeper eta Robotia tituluen emanaldia osatu da. Gainera, haurrentzako programa horretan, topaketak egingo dira ikastetxeekin eta goizeko emanaldiak antolatuko dira asteburuetan.

Jakingarri guztiak Azkuna Zentroak dauzka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button