LITERATURA

Aste honetan izango da “Literatur Amuak” jaialdia

Ondarroako Udalak  Literatur Amuak jaialdia antolatu du aurten ere. Urriaren 29an bidean jarriko da, eta ekitaldi guztietarako beharrezkoak izango dira sarrerak edo gonbidapenak. Covid-19ak eragindako egoerak asko baldintzatu ditu ekitaldiak, baina halarik ere aurtengo egitarauan literatura, sormena, dantza, bertsolaritza, musika eta zinema uztartuko dira.

Urriaren 29an aurtengo Ipuin Rallya ekimenaren sari banaketa egingo da. Eta antzekoa egingo dute urriaren 30ean, Nanoipuin Lehiaketaren sari banaketarekin. Egun horretan ere Zubikarai Sariaren banaketa ere izango da. Lander Garrok irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten aurtengo Augustin Zubikarai nobela beka. Garrok Faith izeneko proiektua aurkeztu zuen nobela beka lehiaketara eta Ana Urkizak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatu duten epaimahaiak berau saritzea erabaki du. Urte bete edukiko du nobela idazteko. Horren ostean, eta gaueko 22:00etan, Izaki Gardenak kontzertua eskainiko du Beikozinin.

Hurrengo egunean, Karmele Jaioren Aitaren Etxea nobela edukiko dute hizpide Liburuen Amuak irakurle taldekoek. Egun horretan ere, Euskal Herrietako istorio gaiztoak izeneko ekimena antolatu dute. Juan Kruz Igerabide idazleak bi saio eskainiko ditu 7 urtetik gorako umeentzat. Azkenik, 20:30ean Bide Onera zineman, Gorria ikuskizuna eskainiko dute Miren Amuriza bertsolariak eta Askoa Etxebarrieta La Pulga flamenko dantzariak.

Literatur Amuak jaialdia azaroaren 1ean amaituko da Hil kanpaiak filmaren emanaldiarekin. Augustin Zubikarai nobela beka saria irabazi zuen Miren Gorrotxategi idazle azpeitiarrak 2015ean, 33 ezkil lanarekin. Imanol Rayo zine zuzendariak, liburu hori oinarri hartuta, Hil kanpaiak izeneko filma egin du.

Datu guztiak Ondarroako Udalak ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button