IKUS-ENTZUN

Aste honetan Ecozine Jaialdia egingo da Iruñean

Zinema eta Ingurumeneko Nazioarteko Jaialdia apirilaren 7tik 10era egingo da bertako Golem zinemetan. Aurten lau filmerekin osatu da programazioa.

Gaur berton izango da lehen saioa, Francisco José Vaquero zuzendariaren  Vidas Irrenovables lanarekin. “Planifikaziorik ezak eta erregai fosilak energia-iturri berriztagarriekin ordezkatzekoan egindako kudeaketa txarrak arrisku larrian jartzen du landa-inguruaren biziraupena. Egoera larri horren aurrean, askok uko egiten diote beren lurrak hiltzen ikusteari eta bizitza ematen ari dira egoera hori geldiarazteko”.

Biharko saioan, Koba Gómez zuzendariaren Heaven Is A Closed Nightclub lana ikusteko parada egongo da. “Aitaren etxean aurkitutako argazki-artxibo batetik abiatuta –desagertutako naturaren, borroka ekologisten eta Benidormeko alderdi komunistaren lekuko–, Kobak aitaren, amaren eta izebaren ahotsak nahasten ditu dokumental honetan. Terra Mítican gertatutako sutearen argazki batzuen bidez, erresistentziazko iruditegi bat berreraikitzen dute Espainiako hiri turistikoenetako batean. Oroitzapenen artean, bilaketa bat sortzen da lurraldearen, oroimenaren eta espekulazioaren aztarnen artean.”

Miguel García Oriveren Sintrópica lana hilaren 9an pantailaratuko dute. “Jaime Otero galiziar nekazari sutsuak eta bere kide Sergiok eta Diogok odisea bati ekiten diote Iberiar Penintsulan barna, nekazaritza sintropikoaren filosofia iraultzailea hedatzen. Praktika horrek basoa du inspirazio-iturri elikagaiak ekoizteko, eta aldi berean ekosistemak birsortzen ditu. Natura beste begi batzuekin begiratzera gonbidatzen gaituzte, eta ulertzera errealitatea eraldatzeko dugun gaitasuna ahalegin kolektiboaren bidetik igarotzen dela ezinbestean.”

Ostegunean azken saioa izango da Mauricio Albornoz Iniestaren Una canción para mi tierra filmarekin. Argentinako landako herri batean, Ramiro, musikako maisu karismatikoa, ohikoa den gertaera asaldagarri batez jabetzen da: hegazkinek eta ongarritzeko makinek eskolen ondoan lainoztatu eta ikasleen osasuna arriskuan jartzen dute. Ramirok zerbait egitea erabaki eta haur horiekin batera abestiak konposatzen ditu komunitatea mugiarazteko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button