IKUS-ENTZUN

Aste honetan bukatuko da Kameratoian izena emateko epea

Kameratoia, Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya, Gernika-Lumon izango da maiatzaren 12tik 26ra. Honezkero talde batzuk apuntatu dira, eta izen-ematea datorren ostiralean, apirilaren 27an, bukatuko da.

Urtero bezala, aurten ere Kameratoia, Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya, jarriko dute martxan Topagunean, bere zortzigarren edizioan. 

Lehiaketaren helburuak gazte euskaldunen sormena bultzatzea eta ekoizpen artistikoa gizarteratzea dira. Horretarako, bost eguneko epea dute ikus-entzunezko lan baten gidoia idatzi, irudiak grabatu, edizio lanak burutu eta jendaurrean aurkezteko, beti ere antolakuntzak jarritako gai bati eta ezaugarri batzuei jarraiki. Kameratoilariek maiatzaren 12an jasoko dituzte bideoak egiteko gaia eta islatu beharreko irudien zerrenda. Hortik hasita, esan bezala, gazteek bost eguneko epea izango dute bideoa pentsatu, egin eta aurkezteko. Beranduenez ere maiatzaren 17an aurkeztu beharko dituzte bideoak, eta orduan hasiko da epaimahaiaren lana.

Parte hartzeko baldintzak ondorengoak dira: gazte euskalduna izatea (lanak euskaraz aurkeztu behar dira eta), bideoa ekoizteko kamera, ordenagailua eta beharrezko tresneria izatea, eta apirilaren 27a baino lehen izena ematea.

Aurreko edizioetan bezala, epaileek hiru sari emango dituzte, 1.500, 1.200 eta 900 eurokoak.  Behin epaimahaiak erabakia hartuta, maiatzaren 26an lan guztien emanaldia eta sari banaketa izango dira Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan. Bertan jakinaraziko dira irabazleen izenak.

Bestelako jakingarri guztiak hemen dituzue, eta parte hartu nahi baduzue, azkar ibili!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button