
Bilboko Udalak Deustualdeko Klown Jaialdiaren laugarren edizioa antolatu du. Deustuko eta San Inazio-Ibarrekolandako Udaltegietan izango dira ikuskizun guztiak, otsailaren 7tik 26ra arte, asteazken eta ostiraletan.
Ekimenaren helburua clown-a mota guztietako publikoengana hurbiltzea da. Antolatzaileen hitzetan, “Clown antzerkian ibilbide luzea egin duten konpainia asko ditugu, beren lan eta ahalegin eszeniko guztia umorea egiteko modu horretan iraultzen dutenak. Ez da haurren kontua bakarrik, clown-a modu sakon eta osoan hurbiltzen da gazte eta helduengana. Barre egitea, batzuetan zaila da, baina oso atsegina eta askatzailea da”.
Laugarren edizio honetako egitarauak sei konpainia bilduko ditu, horietako hiru Euskal Herrikoak (Bea Larrañaga, Zirika Zirkus eta Xilipurdi), beste bat Valentziakoa (Ameba Teatre) eta bi nazioartekoak (Mundo Costrini, Frantzia-Argentinakoa, eta Cia a Nariguda, Portugalgoa).
Lehen saioa otsailaren 7an izango da, 18:00etan, Nafarroako Zirika Zirkus taldeak eskainiko duen Eolo 68 lanarekin. “Eolo pertsonaia xelebrea da eta abentura berrien bila ibiliko da. Bere hegazkinaren motorrean matxura bat izan ondoren, kutxa beltz baten barruan esnatzen da eta bertan bere irudimena hegan egiten utzi beharko du, beste mundu ezezagun batzuetara eramango duen haize-ufada baten zain dagoen bitartean”.
Otsailaren 26an amaituko da aurtengo jaialdia, Bea Larrañagaren Filipa Balbina (Klown emakumeak historian) euskarazko saioarekin. Proiektu honek emakume pailazoak goraipatu nahi ditu, historian zehar emakumeek ere leku nabarmena izan baitute umore eszenikoan.
Ordutegiak eta bestelako informazioa: Deustualdeko Klown.