MUSIKA

Avishai Cohen tronpeta-jotzailearekin hasiko da Getxo Jazz

Gaurtik igandera bitarte iraungo du Getxoko Nazioarteko Jazzaldiak. Hala, gaur bertan, Avishai Cohenek egingo du kontzertua. Munduko tronpeta-jotzaile onenetako bat da Cohen, eta bebop eta post-bop estiloak jorratzen ditu, inprobisazioari ateak zabalduz.

Israeldarrak Triveni egitasmoaren hirugarren zatia aurkeztuko du, Dark Nights. Jaialdiaren arabera, “Dark Nigths lanaren espektroa oso zabala da eta unibertso bakarrean dabil. Lirikotasun intimistatik birtuositate elektrizatzailera, klasikoetatik konposizio originaletara, hirukoteak indar eta intentsitate handia erakutsi du”.

Bihar, osteguna, Nettwork laukotea arituko da Jazzaldian. Instrumentista handiek osatzen dute taldea: Stanley Jordan, Casimir Liberski, Charnett Moffett eta Jeff “Tain” Watts.
Jazzaldiaren hirugarren egunean Joe Lovanoren txanda izango da. Lovano saxofoi-jotzaile tenorra da, munduan dagoen onenetarikoa, hain zuzen ere.
Uztailaren 4an, larunbata, Stanley Clarke izango da protagonista. Clarke musikari giltzarrietako bat izan da baxu elektrikoa jazzaren arloan.
Eta azken egunean perla bat, Madeleine Peyroux, XX. mendearen amaieran jazzaren arloan sortu zen abeslari arrakastatsuenetako bat.

Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak ere aipatu behar dira, izan ere, maila handiko musikariak ikusteko beta eskaintzen du ekimen honek. Bertan, Jazzing Band, Onna Project, Philippe Lemm Trio, Víctor de Diego Trio eta Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra arituko dira.

Handienekin batera Taldeen Lehiaketako finalera iritsi diren lau bandak ikusteko aukera ere egongo da. Programa osatzeko, hiru egunetan The Piper’s Irish Puben izango diren jam session-ak antolatu dira, Three One taldearekin.

Argazkigintza ere protagonista izango da Jazzaldian, Antonio Porcar Canorena Phocuzz argazki erakusketa paratuko du Torrene aretoan.

Informazio gehiago behar izanez gero, getxo.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button