MUSIKA

“Artistas en ruta” zirkuiturako talde berriak

Artistas en ruta estatu mailako musika zirkuitua da. Estatu osoko kazetari, areto-programatzaile eta kultura-kudeatzaileek osatutako batzorde batek aukeratzen ditu taldeak, eta Etxepare Euskal Institutuak programa babesten du, urtero egiten diren bi zirkuito deialdietan euskal musikarien presentzia bermatzeko.

Programaren urteroko edizioak bi ziklo ditu: lehenengoa urtarriletik ekainera eta bigarrena irailetik abendura. Aurten, ekainera bitartean, Amorante, Hofe x 4:40 eta Merina Gris taldeek kontzertuak emango dituzte estatuan zehar, zirkuituaren babespean.

Orain, estatu mailako zirkuituak jakinarazi ditu aurtengo azken hiruhilekoan zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzten euskal taldeak: Aldakan, Capsula, EZEZEZ eta J Martina.

Ekimenak zuzeneko musika indartzeko eta talentu berriak publikoari hurbildu nahi ditu, estatu osoko zuzeneko musika aretoetan emanaldien zirkuitu baten bidez. Gaur egun ezagunak diren hainbat talde edo bakarlarik zirkuitu honetan parte hartu dute dagoeneko, esaterako, Amorante, Hofe x 4:40, Merina Gris, Neomak, Airu, Kulto Kultibo, Verde Prato, Amak, Lukiek, Ezpalak, Bulego, Idoia, Dupla, Olatz Salvador edo Zetak.

Aldakan taldeak cumbia, funk, afrobeat, chamame, songo, festejo, plena eta swing erritmoak biltzen ditu bere errepertorioan.
Capsula taldea Martín Capsula (gitarra eta ahotsa) eta Constanza Lísica Godoy (baxua eta ahotsa) argentinarrak buru dituen proiektua da. Rock-and-roll ilunaren, psikodelikoaren eta punkaren zaleak dira.
EZEZEZ 2022an Unai Madariagaren eskutik jaiotako taldea da. Unairen bakarkako lehenengo lanak (The living and dying of a man, 2021) Eneko Ajangiz izan zuen produktore, eta sortutako sinergia horrek jarri zuen taldea sortzeko hazia. Taldearen azken lana, Katuzaldia (2023), aurrekoaren energiaz eta ironiaz beteta dago, baina bandaren soinua gehiago definitzen duen albuma da, nola edo hala bere bidea erakutsiko duena.
J Martina pop elektronikoa lantzen duen talde gaztea da. Base elektronikoak, sarritan sintetikoak, ahots melodikoekin nahasten dira haien abestietan. Kattalin eta Ane Barcena ahizpek eta Javier Jorajuriak osatzen dute taldea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button