IKUS-ENTZUN

GazteDoku 2024 Sarietako irabazleak

Euskadiko SGAE Fundazioak, ikus-entzunezko edukiak sustatzearen dagokion helburuarekin bat eginez, eta, konkretuki, sormen- dokumentalen sorkuntza indartzeko xedeari jarraituz, GazteDoku 2024 Sarietarako II. deialdia egin zuen joan den martxoan. Azaroaren 1ean itxi zen lanak jasotzeko epea, eta duela gutxi jakinarazi dituzte nortzuk izan diren saridunak.

Iratxe Fresneda, David Caiña eta Mikel Rueda ikus-entzunezko sortzaileak izan dira epaimahaikideak, eta horiexek honakoa hau erabaki dute: koherentzia narratiboa eta istorioak transmititzeko sentsibilitateagatik, Julen Zubiete zuzendari eta gidoigileak SGAE Fundazioaren Gaztedoku 2024 lehen saria jaso du Agur Artzai lanagatik. 2.500 euroko saria jaso du. Euskarazko proposamen onenaren bigarren saria Kote Camachoren Puzzleak filmarentzat izan da (1.500 euro), isildutako egoerak kontatzeko zintzotasuna eta ausardiagatik. Eta aipamen berezia Itxaso Díazek jaso du Cautivas (1.000 euro) dokumentalagatik, modu ez-inbaditzailean ezagutzen ez diren errealitateak aurkitzeko borondateagatik.

Lehen saria, Agur Artzai filma lan ederra da. Gazte bat Gorbeiako azken artzainarengana hurbiltzen da, laster ahaztuko diren istorioak kontatzeko eta entzuteko. Mundu osoko jaialdietan aukeratu dute (Espainia, Italia, Estonia, Polonia, Holanda, Belgika, Frantzia, Kuba, Kolonbia, Argentina edo Txile), eta dozena bat sari jaso ditu.

Kote Camachoren lana benetako gertakarietan oinarrituta dago. Neska gazte batek, besteak beste, abusu eta sexu-erasoagatik zigortutako argazkilari ezagun baten aldetik jasaten duen intimitate-urraketa sinesteko eta salatzeko dituen zailtasunak azpimarratzen ditu.

Cautivas lanarekin, Itxaso Díazek (Barakaldo, 1974) Cristina Quintanilla salvadortarraren kasua erakutsi nahi izan du. Lau urte eta erdi igaro ondoren irten zen kartzelatik, bere kasua aztertu zutenean. Bizitza hautsia zuen, eta aurrekari penalak zituen, beti bere bizitzan izango zituenak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button