
Iruñeko Kondestablearen jauregian, ekainaren 1era arte, aurtengo Artea Oinez izeneko erakusketa interesgarria izango da ikusgai. Rakel Suescun Eguaras da komisarioa.
Aurtengo Nafarroa Oinez Paz de Ziganda Ikastolak antolatuko du, eta urriaren 19an egingo da, Atarrabian. Euskararen jaiari lotuta dago 2025eko Artea Oinez ekimena, non 90 sortzailek parte hartu duten.
Erakusketan hainbat hausnarketa azaleratzen dira, “belaunaldi desberdinetako unibertso bisualak elkarlotuko balira bezala, betiere aniztasuna oinarri hartuta. Eguneroko gaiak islatzen ditu erakusketak: besteak beste, gizakiaren gorputza, paisaiaren eraikuntza soziala, artxibo-praktikak, memoria politikoa, fotomuntaketa eta apropiazionismoa.”
Beste aldetik, inklusioa, tolerantzia, erradikaltasuna eta feminismoa ere bertan agertzen dira.
Aurtengo erakusketak ikusmen-desgaitasuna duten artisten balioa azpimarratu nahi du, besteak beste, Idoia Díaz Cámara, Javier Ruiz del Castillo, eta batez ere, Pello Azketa Menaia hartuko dira kontuan. Hiru sortzaile nafar hauek ONCEk Madrilen duen Museo Tiflologikoan parte hartzen dute, eta beren obra jarriko dute ikusgai Artea Oinezen.
Hemen duzue sortzaileen zerrenda osoa.