ARTEA

Euskal baserriaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz

Euskadiko Arkitektura Institutuak euskal baserriaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hausnartzeko gonbitea luzatzen du Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain izeneko erakusketarekin. Erakusketa irailaren 14ra arte egongo da zabalik, eta Ibon Telleria Julian arkitektoa eta EHUko Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakasleak, eta Jon Arcaraz Puntonet Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko proiektu arkitektonikoen irakasleak komisariatu dute.

Baserria mendetan zehar egokitzen eta eraldatzen jakin duen arkitektura bat izan da, eta hor, bere historia aztertzen da, “imajinario kolektiboan iraun duen irudi erromantizatuaz harago”.

Bertako antolatzaileek adierazi duten moduan: “erakusketa honekin Euskadiko Arkitektura Institutuak Euskadiko landa-ingurunean eraikitako ondarearen balioa nabarmendu nahi du, balio arkitektonikoa azpimarratuz. Aldi berean, erakusketa hau euskal baserriaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hausnartzeko gonbidapena da”.

Egurrari eta harriari eskainitako atalean, Arkeolan Fundazioak dendrokronologiarekin (zuhaitzetan denbora aztertzen duen zientzia) egindako ikerketen emaitzak eta dolare-baserrien jatorrizko itxura birtualki berreraikitzea ahalbidetu duten ikerketa arkeologikoak aurkezten dira.

Erakusketaren bigarren zatiak XVI. mendeko krisi ekonomikoak lurraldearen bilakaera arkitektonikoan inflexio-puntu bat markatu zuela erakusten du, harria elementu konstrusktibo nagusi bihurtuz. Eraikuntzako iraultza harria material nagusi gisa erabiltzen hastea izan zen. Baserrien eraikuntzan erabiltzen ziren harri landu motak erakusten dira aretoan. Horren ostean, XIX. mendean, landa-eremuan aldaketa etorri zen, bai eta baserriaren eredu tradizionalaren pixkanakako gainbehera ere.

Erakusketak XX. mende hasierako hiru kartelen erreprodukzioak biltzen ditu, baita olio koadro bat ere, liburuak, postalak, planoak, argazkiak eta musika-piezak ere, baserria ikuspegi erromantizatu batetik begiraturik.
Aretoko azken atalak arkitektura honen oraina eta etorkizuna planteatzen ditu, izan ere, oso baserri gutxik eusten diote oraindik ekoizpen eta etxebizitza eredu tradizionalari.

Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain erakusketak baserriek egungo etxebizitza-krisian izan dezaketen zereginari buruzko eztabaida ere zabaldu nahi du.

Erakusketaren harira lantegi batzuk eta hitzaldi bat egingo dira, bai eta bisita gidatuak ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button