
Hurbileko artea babesteko eta zabaltzeko helburuz, baita bertako artistak babestu eta bultzatzeko ere, Vital Fundazioak Arte Vital Lehiaketarako deia luzatu du.
Lehiaketa horretan Arabako Lurralde Historikoan jaio edo bertan bizi diren 16 urtetik gorako artistek har dezakete parte, eta gaia eta teknika libreak izango dira. Arte bisual guztietara irekita egongo da: pintura, eskultura, argazkia eta beste teknika batzuk, eta egile bakoitzak lan berri, original, argitaragabea eta sinatu bakarra aurkeztu ahal izango du.
Obrak zuzenean entregatu beharko dira Vital Fundazioa Erakusketa Zentroan maiatzaren 31tik ekainaren 1era. Horiekin osaturiko erakusketa Vital Fundazioaren Erakusketa Zentroan ikusi ahal izango da ekainaren 16tik uztailaren 24ra. Aurkeztutako lan guztiekin erakusketa birtual bat ere egingo da entitatearen web orrian, ekainaren 16tik aurrera.
Vital Fundazioak lehiaketara aurkeztutako proposamen onenak sarituko ditu, eta obra horien egileei erakusketa-areto bat emango die, elkarrekin erakusketa bat egiteko. Guztira 1.500 euroko lau sari ezarri dira.
Lehiaketaren oinarriak hemen kontsultatu ahal dituzue.