IKUS-ENTZUN

ZINEBIk bere 57. edizioa aurkeztu du

Munduko zine guztia bilduko da azaroan Bilbon ZINEBIren eskutik. Azaroaren 13an inauguratuko du bere 57. edizioa, lehiaketara aurkeztutako euskal film laburren emanaldiekin eta Juan Ruiz Anchía argazki zuzendariari eta Aitor Mazo zenari emango zaizkien Ohorezko Mikeldien banaketarekin.

30 herrialdetako 65 filmek hartuko dute parte Sekzio Ofizialean, lehiaketako fikzioa, dokumentala eta animazioa generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko. Lehiaketarako Estatuko bederatzi lan aukeratu dira, eta beste zazpi euskal zinegileek egindakoak dira.

Aurtengo programazioa inoizkorik potoloena izango da, eta hala, ZINEBI 57 azaroaren 16an hasiko da Campos antzokian, Luis Maríasek, Javier Rebollok, Sra. Polaroiskak, Enrique Urbizuk, Mikel Ruedak, Pedro Oleak eta Imanol Uribek errodatutako zazpi film laburrez osatuko den ekoizpen propioko Bilbao- Bizkaia. Exterior – Día film luzearekin.
Lehiaketatik kanpoko Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama sekzioan, Sergei Loznitsa, Rosa von Praunheim, Philippe Grandieux edo duela denbora gutxi hil den Chantal Akerman dokumental egileen obrak erakutsiko dira.

Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi sekzioan, bederatzi euskal ekoizpen lan pantailaratuko dira, tartean, Sabino Aranari edo Andrés Isasi musikariari, emakume pilotariei edo euskaraz hitz egiten duten atzerritarrei buruzkoak.

Beste  interesgune batzuk honakok izango dira:  Zinemaldiak gatazka politiko odoltsuetan dokumentalak betetzen duen lekua aztertuko du ziklo batean, eta Leslie Thornton zinegilearen lana ikusi ahalko da. Beste aldetik, Jörgen Leth zinegileaketa Olatz González Abrisketa antropologoak euskal pilotaren munduari buruz zuzendu duten Pelota II dokumentalaren estreinaldia ere egongo da. Eta Euskal Filmotekarekin elkarlanean Bilbao en el segundo aniversario de su liberación dokumentala ere erakutsiko da.

Honetaz, eta ZINEBIren programazioaz gehiago jakiteko: www.zinebi.com

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button