ARTEA

“Eraldaketa: SortzaileON afera” egitasmoa martxan

Irantzu Lekue artista garaikideak Eraldaketa: SortzaileON afera egitasmo berria abiatu du, emakume sortzaileen sorkuntza-jarduera oinarritzat harturik sorkuntza-prozesuari erreparatzeko. Irantzu Lekuek Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak sustatutako Gazte sortzaileak beka eskuratu du egitasmoa bururaino eramateko eta Olatz Alonso kazetaria eta Maider Oleaga zinegilearekin ari da horretarako lanean.

Eraldaketa: SortzaileON afera-k Araban eta Gasteizen artearen eta kulturaren inguruan euskarazko mugimendua sortu nahi du, beti ere klabe garaikidean. Xede nagusia da kontzeptuak, sorkuntza-prozesuaren inguruko irudi eta aurreiritziak, kultura, artea eta arteak bizitzeko moduak, eta kulturgileen irudia erakustea.
Proiektua hiru fase ezberdinetan planteatu dute: ahozkotasuna landuz aurretik, sormen prozesua bigarrenik, eta erakusketa publiko batekin azkenik.

Lekuek azaldutakoaren arabera “handia da, zoritxarrez, kulturaren eta publikoaren artean dagoen aldea. Bata bestearengandik urrun daude. XXI. mendean, mende honek eskaintzen dituen tresna eta baliabideekin, zer egin daiteke alde hori txikitzeko?” galdegin du arabarrak. Ildo beretik Olatz Alonso zera galdegin du “Kulturgileak eta publikoak gerturatzeko? Sorkuntzari, sorkuntza-faseari, gehiago erreparatzeko? Eta euskal kulturatik, zer egin daiteke, zer dago egiteko, sortzaileon lana publikoari gerturatzeko? Zein dira publikoak? Eta publiko horiek zabaltzeko? Pertsona gehiago erakartzeko?”

Eraldaketa: SortzaileON afera proiektuak sormenari erreparatuko dio, baina bereziki sorkuntza-prozesuari, euskal kultura duela hizpide. “Sortzaileen prozesuari erreparatuko dio, bai, baina gazte eta emakumezkoen ikuspegitik”. Sorkuntza-prozesuei erreparatzeko, artisten lana gertutik ezagutzeko, berezitasunak edo beharrezko elementuak identifikatzeko, proiektua ahozkotasunetik abiatuko da. Horretarako, zazpi kultur saio antolatuko dira, kulturaren eta artearen munduko emakumeekin. Hala, proiektua ahozkotasunetik abiatu eta bideo-artera egingo du jauzi.

Asko dira egitasmoan parte hartuko duten emakumeak: Hesian taldeko Zuriñe Hidalgo, Izaskun Urkijo arte zuzendaria, Ane Rodriguez Armendaritz Tabakalerako zuzendaria, Blanka Gomez de Segura Euskal Keramika Museoaren arduraduna, Garazi Lopez de Armentia koreografoa eta Baratza aretoko sortzailea, Izar Mendiguren eta Paula Amilburu bertsolariak edo Huntza taldeko Josune Arakistain. Hainbat elkarrizketa burutu dira honezkero: Haizea Barcenilla arte kritikari eta komisarioarekin, Irati Jimenez idazlearekin, Yanela Murua dantzariarekin, Miriam Isasi artistarekin, Belen Nevado antzerkigilearekin edota Maider Oleaga zinegilearekin.

Show More

Related Articles

Back to top button