ESZENA

Bernardo Atxagaren “Obabakoak” gaztelaniaz estreinatuko da Arriaga Antzokian

Euskarazko saioak modu arrakastatsuan jaso ostean, Arriaga Antzokiak bost emanaldi eskainiko ditu gaztelaniaz, azaroaren 23, 24, 25 eta 26an, eta abenduaren 2an. Horiez gain, lanaren euskarazko bertsioaren saio bat eskainiko du, goizez, azaroaren 28an.

Calixto Bieitok zuzendu du antzezlana bi hizkuntzatan, eta berak ere zuzendu du antzezle taldea. Bertan Joseba Apaolaza, Itziar Lazkano, Iñake Irastorza, Lander Otaola, Gurutze Beitia, Eneko Sagardoy, Ylenia Baglietto, Miren Gaztañaga, Ainhoa Etxebarria, Koldo Olabarri eta Karmele Larrinaga izan dira. Zentzumen anitzeko esperientzia bilakatzen den ikuskizunari forma ematen arituko dira antzezleak, hainbat ahotsen bitartez “eraikitako poema sinfoniko multimedia” osatzeko.
Sarah Derendinger sortzaile suitzarraren ikus-entzunezko proiekzioak edo musika eta ahots moldaketak osatzen eta hornitzen dute obra hori. Antzezlana Susanne Gschwenderrek zuzendutako oso eszenografia bitxiaren bidez gauzatuko da. Arriagako emanaldien ostean, Obabakoak euskaraz ikusteko aukera izan dute Bartzelonako Teatre Lliure-n, Santurtziko SKA-n eta Gasteizko Printzipal Antzokian, oso harrera beroa eskainiz. Abenduan, Donostian izango da ikusgai, Victoria Eugenian. 

Diogun bezala, Arriaga Antzokiak euskarazko saio bat  egingo du azaroaren 28an, asteartean, goizeko 11etan. Goizeko emanaldi hori hasi baino ordu erdi lehenago (10:30etatik aurrera), Obabakoak lanari eta Bernardo Atxaga egileari buruzko hitzaldia eskainiko du Zenbat Gara Elkarteko kide den Xabier Monasteriok.

Arriaga Antzokiak bat egingo du datorren larunbatean, azaroaren 25ean, ospatuko den Fair Saturday ekimenarekin, eta funtzio horretan jasotako diruaren parte bat Integrando Fundazioari emango zaio. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button