LITERATURA

Poesiaren eguna: Xabier Lete

Gaur nazioarteko poesiaren eguna da. Toki askotan, poeta askoren poemak irakurriko dira. Bilbon Xabier Lete poeta, idazle eta kantautore euskaldunari eskainiko zaion omenaldiarekin ospatuko da gaur poesiaren eguna.

Karlos Jiminez piano jotzailea, Joserra Gartzia idazlea edo Joxan Goikoetxea eta Antton Valverde musikariak izango dira gaur bertan, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan Xabier Leteren omenez ospatuko den egun berezia. Ekitaldia, Xabier Lete, Ahots bizian izenburua izango duen poesia eta musika errezitaldia izango da, eta egilearen testuetara eta musika lanetara hurbilduko da, bere adiskide eta kolaboratzaile gertukoak izan ziren hainbaten eskutik.

1944an Oiartzunen jaio zen Xabier Letek musika eta literatura landu zituen, besteak beste. Musikaren bidea jorratu zuen, bere emazte izan zen Lourdes Iriondorekin batera. Hainbat elkarlan egin zuen beste abeslari batzuekin, Antton Valverderekin, besteak beste. Antton Valverderekin batera, hain zuzen ere, ahotsa eta musika jarri zizkion Lizardiren poesiari eta Txirritaren bertsoei 1975 eta 1978 artean.

1968an argitaratu zen Xabier Leteren lehen poesia liburua, Egunetik egunera orduen gurpilean. Harrezkero bere beste lan guztiak etorri ziren maisutasunez idatziak.2009an euskarazko poesiari emandako Kritikaren Saria irabazi zuen Egunsentiaren esku izoztuak, lanarekin. Lan horrekin berarekin Euskadi Literatura Saria irabazi zuen.

Martxoaren 21ean poesiaren eguna ospatzen da mundu osoan. Egun hori UNESCOk bultzatzen du, herrialde guztietan poesiaren inguruan egiten diren jarduerak eskertzeko eta poesia oinarrizko kultura forma gisa sustatzeko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button