ESZENA

Kulunka Teatroren “André eta Dorine” lana Madrilen

Gaurtik aurrera eta otsailaren 2ra bitartean, Kulunka Teatrok André eta Dorine lan arrakastatsua aurkeztuko du Madrileko Fernán Gómez Antzokian.

Garbiñe Insausti hernaniarrak eta Jose Dault zaragozarrak osatzen dute Kulunka Teatro konpainia. André y Dorine antzezlanak Alzheimer gaitza du ardatz. Bikote edadetu berezia da protagonista, eta istorio guztia saloi batean gertatzen da. Gela horretako hormetan, gainera, iragana zintzilikatzen da. Idazteko makina baten teklak eta biolontxelo baten notak entzuten dira. Egunerokotasunak eragindako asperdura pairatzen ari da bikotea. Aspaldiko elkarrenganako grina, egun axolagabetasun eta eztabaidagai bihurtu da.

Insausti eta Dault aktoreez gain, Edu Carcamok ere parte hartzen du obran. Hirurak Iñaki Rikarteren zuzendaritzapean aritzen dira. Mugarik gabeko ikuskizuna da, eta hitzetik haratago doan hizkuntza sortu nahi dute, horretarako, keinu-antzerkian oinarritzen dira, non maskarak zubi lana egiten duen poetika bisual handiko munduan sartuz.

Lan bikain honek dagoeneko pare bat sari irabazi ditu: 2011ko Birmingham festibalean antzezlan onenari eta dramaturgia onenari sariak eskuratu zituen; 2011ko urrian burututako Huescako antzerki eta dantzaren 25. nazioarteko azokan ikuskizun onena sarirako finalista izan da. Ordutik hona, nazioartean ibili da: Turkian, Nepalen, Dominikar Errepublikan, Ekuadorren, Kolonbian, Argentinan, eta AEBetan.


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button