
Loraldia Festibalaren 11. edizioa martxoaren 10a eta 30a bitartean egingo da Bilboko hainbat espaziotan: Arriaga Antzokia, Guggenheim Bilbao Museoa, Euskalduna Jauregia, Campos Antzokia, Sociedad Filarmónica eta beste toki batzuetan ere.
Urtero egiten den bezala euskal kultura garaikidea ezagutzeko, ospatzeko eta berritzeko topagune paregabea bilakatuko da Loraldia Festibala, ehun sortzaile baino gehiagoren partehartzearekin.
Aurtengo festibalaren lema, Bernardo Atxagaren literaturari keinu eginez, Trikua esnatu da, izango da. “Trikua udaberrian esnatzen da, loaldi luze baten ondoren, eta gauza bera gertatzen da euskal kulturarekin: oztopo eta arriskuen gainetik, berriro loratzen da, indarrez eta ausardiaz. Loraldia Festibalak arduraz eta maitasunez bultzatzen du kultura hori, etorkizunera begira eta belaunaldi berriei euskararen eta sormenaren balioak transmitituz”.
Loraldia Festibalaren programazioan diziplina artistiko anitzeko ekimenak bilduko dira hainbat esparrutan sailkaturik: antzerkia, musika, zinema, literatura, bertsolaritza, dantza eta arte garaikidea.
Musikari dagokionean, hainbat kontu interesgarri, adibidez, Mila esker, Jonan Ordorika kontzertua antolatu da Arriaga Antzokian; Xiberoa kantuz loraturik, Loraldiaren produkzio propioa, Zuberoako kantu tradizionalaren eta garaikidetasunaren arteko lotura esploratzen duena; Sukramarkus, Mursegok, Maite Arroitajauregi artista polifazetikoak, bere unibertso musikala ekarriko du Loraldia Festibalera; Pause, Xabi Zeberio, Iñar Sastre, Eñaut Zubizarreta eta Aitor Etxebarriaren lan intimista; Martxoaren 23an Judit Neddermannek kontzertua eskainiko du, zenbait euskal emakume abeslari kide izango dituela; Unai Elorriaga idazleak eta Josu Aurrekoetxea musikariak Odola Kantari ikuskizuna egingo dute, non literatura eta musika uztartzen diren heriotzari eta odolari buruzko hausnarketa artistiko bat egiteko; Gorka Urbizuk ere kontzertua egingo du.
Eszenari dagokionean, Janire Etxaberen Atxine dantza bertikaleko performance ikusgarriaz gozatzeko aukera egongo da; Kamikaz Kolektiboaren eskutik, lau aktoreren bidez (Erika Olaizola, Iraia Elias, Amancay Gaztañaga eta Xanti Agirrezabala) bizitzaren eta heriotzaren inguruko istorio frenetiko eta umoretsua aurkeztuko da: Renata; Arriaga Antzokiaren ekoizpena, Kristalezko zooa, ikusteko abagunea egongo da; Don Inorrez eta Metrokoadrokaren arteko elkarlana Aztia, eta abar.
Bertsolaritza ez da faltako, baina aurten Edorta Jimenezek idatzitako narrazio originala abiapuntu hartuta, Rafa Ruedak jarriko dio musika eta, bertsotan Amaia Agirre, Oihana Arana eta Ane Labaka arituko dira; Consonni bertso-saio espekulatiboak antolatu dira, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Miren Amurizarekin.
Pantailan Oskar Alegriaren azken lana Zizindurrunkarratz ikusiko da, eta Bilbo inguruko mendietan ibilaldi interpretatiboa egingo du Piszifaktoria Ideien Laborategiak
Aipaturikoa lagin bat da, baina aurten programazioa oso potolo dator.
Guztia ikusteko: Loraldia