IKUS-ENTZUN

“Urrezko Eraztuna” film laburra proiektatuko du FASek

Kirmen Uriberen poesia bat abiapuntu duen Urrezko Eraztuna izeneko film laburra proiektatuko du gaur, maiatzak 15, 19:45ean Bilboko FAS zineklubak Indautxu Plazan dagoen El Carmen aretoan.
Filmean animazioa eta fikzioa uztartzen dira igerian. Emanaldian, gainera, Jon Garaño zuzendariak eta Unai Guerra grafismoaren arduradunak parte hartuko dute. Emanaldia Federico Veiroj zuzendariaren La vida útil film luzearekin osatuko dute.

Garañanok zuzenduriko lanak FAS Zineklubaren Berrikuntza Zinematografiko Onenaren saria jaso zuen ZINEBI jaialdiaren azken edizioan.

Urrezko eraztuna, Kirmen Uribe

«Aitak itsasoan galdu zuen ezkontzako eraztuna. Marinel guztiek bezala, kendu egiten zuen hatzetik eta lepokoan jarri, sarea largatzean hatza gal ez zezan.

Handik marea batzuetara izebak, legatz batzuk garbitzen ari zelarik, urrezko eraztun bat aurkitu zuen arrainetako baten sabelean.

Eraztuna garbitu, eta grabatuta zituen letra eta zenbakiei jarri zien arreta. Gezurra zirudien arren, gurasoen ezkontza eguna ematen zuten aditzera datak eta inizialek. Itxura guztien arabera, aitak berak harrapatu zuen eraztuna jan zion legatz hura. Itsasorik zabalenean. Udako gau bareak barruko haizea dakar eta oroitzapenak.

Kasualitateak orbita zabal-zabaleko planetak direla otu zait zeruari begira. Behin edo behin ageri dira bakarrik. Eraztunarena kasualitate handiegia da. Baina ez du axola. Inportanteena orain hauxe da: urte askoan eraztunaren istorio hori sinesgarri egin zitzaiela gure haur adimen txikiei.

Gauez, itsasoak legatz baten distira du. Izarrek salto egiten dute ezkaten antzera».

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button