ESZENA

“Arra Arraroa” antzezlana taularatuko dute Donostian

Metrokoadroka Proiektuak taldeak Arra Arraroa izeneko obra antzeztuko du gaur 20:00etan Donostiako Doka Kafe Antzokian. Antzezlana bigarrenez taularatuko dute gaur. Izan ere, estreinako emanaldia iragan azaroaren 27an egin zuten Gipuzkoako hiriburuan, Guardetxean hain zuzen ere.

Antzezlanak Donostia Kulturak plazaratutako Poltsiko Antzerkia Sorkuntza beka jaso du aurten, eta Artezblai argitaletxeak argitaratu zuen iaz Herio heroi antzezlanarekin batera. Biak ala biak Oier Guillanek idatzirikoak.

Taulan aktore bakarra izango da, Iñigo Ortega, eta Oier Guillanen testua antzeztuko du. Obrak gizona du ardatz eta honakoa kontatzen du: Zer da gizona izatea? Gizona izateari loturiko topikoak urratuta sortzen ahal den nortasunaren bila dabil protagonista, gizona, funtsean zalantza egiteko eskubidea aldarrikatuz.

Zer edo zerk definitu badu orain arte gizona izatea zer den
hori beldurra izan da.
Emozioak adierazteko beldurra.
Ahul agertzeko beldurra.
Barregarri geratzeko beldurra.
Galtzaile izateko beldurra.
Barrutik biluzteko beldurra.
Beldurrari aurre egiteko irakatsi diguten modu bakarra
beldurra eragitea da.
Beldurrari ostia pare bat eman eta kito.
Beldurraren kontrakoa ez da ausardia.
Beldurraren kontrakoa beldurrarekin bizitzen jakitea da,
inor izorratu gabe.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button