
Arkaitz Minerrek (1976, Errenteria/Orereta) makina bat musikariren diskoetan eta zuzenekoetan parte hartu du, gitarra, biolina eta mandolina joz; tartean, Ruper Ordorika, Mikel Markez, Tapia eta Leturia eta Alaitz eta Maider. Oraingoan, baina, bere bakarkako lehen lanarekin dator, Esan.
Hogei urtez ibilbide oparoa egin ostean, Minerrek estreinako lana argitaratu du; horretarako, Iñigo Aranbarri, Gotzon Barandiaran, Koldo Izagirre, Nazim Hikmet eta Allen Ginsberg idazleen testuak moldatu ditu.
Horretaz gainera, musikari-lagun askoren laguntza ere izan du, bai musikan (Txus Aranburu, Amaiur Cajaraville, Xabier Berasaluze, eta Alan Griffin), bai ahotsetan (Gotzon Barandiaran, Jon eta Imanol Miner anaiak).
Diskoa 2014an grabatu du gipuzkoarrak, “soseguz”; bestelako grabazioak Ereñotzuko Peio Gorrotxategiren Aieka estudioan egin ditu, eta masterizazioa, berriz, Jonan Ordorikak zuzendu du, Azkarateko Mamia estudioan.