MUSIKA

Viva Belgrado taldeak “Ulises” diskoa aurkeztuko du gurean

Espainiako Kordoba hiriko Viva Belgrado laukoteak Ulises izenburuko lan berria aurkeztuko du gurean: bihar, Iruñeko Txintxarrin; etzi, Donostiako Txantxarreka gaztetxean; eta, azkenik, etzidamu, Bilboko Azkena aretoan. Azken kontzertu horretan Diana Lagarto bilbotarrekin arituko dira.

Viva Belgrado post-rock eta screamo estiloen baitan mugitzen da, pasarte melodikoak eta oihulariak tartekatuz. 2011n egin zuten lehen emanaldia eta harrezkeroztik, 120 kontzertutik gora eman dituzte, mundu osoan zehar. Jaialdi handietan ere jo dute, tartean, Bartzelonako Primavera Sound Festival eta Viveiroko Resurrection Festival. Laster, gainera, bira berri bat egingo dute Errusian barrena.

Horri guztiari andaluziarren Flores, Carne (2014) lehenengo diskoak mundu osoan izandako arrakasta gehitu behar zaio, hainbat herrialdetan argitaratua izan baita; esaterako, Japoniako Tokyo Jupiter Records diskoetxeak disko horren bigarren edizio bat plazaratu berri du.

Gurean, baina, Ulises aurkeztuko dute, Kordobakoen lan berriena. Aurrerapausoa da taldearen proposamenean, eta dagoeneko Europa osoan aurkeztu dute, bai eta diskoaren lehenengo edizioak agortu ere. Otsailean Errusian izango dira eta 2017ko martxoan Erresuma Batuan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button