
Azpeitiko Kulturaz kooperatibak antolatzen duen Arkupehotsak ekimenak plaza eskainiko die berriz musika sortzaile berriei. Aurten bere seigarren edizioa izango da, eta Xabier Badiola, Haizkan, Larrux eta Kulata taldeek parte hartuko dute bertan.
Talde horiek Dinamoa sormen guneko Soinuaren Eremua erabiltzeko aukera izango dute, entsegua egin eta zuzenekoa prestatzeko. Horretaz gain, bi formakuntza saio jasoko dituzte Eñaut Gaztañaga, Lide Hernando eta Gartxot Usainen eskutik.
Prozesu horren ostean kontzertuak etorriko dira, eta datak badituzte: otsailaren 25an, Xabier Badiola eibartarra igoko da Sanagustingo arkupeko oholtzara. Q”Badiolak, beste zenbait taldetan jo ondoren, bakarkako ibilbideari ekin dio, folkera itzuliz. Lan luze bat aurkeztu berri du.” Martxoaren 24ean Larrux taldearen txanda izango da, eta rock eta indie doinuak haizatuko ditu. Apirilaren 28an, Haizkan taldea arituko da Sanagustingo oholtzan. 2022an lehen EP-a kaleratu zuten, Etsi izenpean.
Azkenik, maiatzaren 26an Kulatak itxiko du Arkupehotsaken seigarren edizioa. “Kulata arte eszeniko, plastiko eta musikalean izandako esperientziek batutako taldea da. Ahotsak, synthea, perkusioa, bibolina, gitarra, baxua eta idazketa harremanetan jarri nahi dituzte, esperimentaziorako eta plazerrerako gune batean.”